Ei! Berriak

[eiberri.eus] Maria Magunacelaya txirrindularia ezagutzeko aukera Armagintzaren Museoan

Emakumezkoaren GAC markako bizikleta aukeratu dute Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna aldarrikatzeko
Emakumezkoen GAC bizikleta da martxoko pieza. Argazkia: Armagintzaren Museoa

EIBAR.- Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna aldarrikatzeko, hilabete honetako pieza Armagintzaren Museoan emakumezkoen GAC markako bizikleta da, XX. mendearen erdialdekoa. Eta hau aitzakirik hartuta Maria Magunacelaya txirrindularia ezagutzeko aukera ere ematen digute.

Eibarko txirrindularitzaren urrezko aroa 1952tik 1974ra izan zen, non txirrindulari apartak egon ziren, esate baterako, Cándido Arrizabalaga «Apotxiano», José Mardaras Nazabal, Andrés Arriaga «Basarri» eta Félix Gojenola. Hala ere, azpimargarria da Maria Magunacelaya txirrindularia, sasoi hartan hainbat lasterketa irabazi zituen emakume txirrindularirik onenetarikoa.

Maria Magunazelaia Iturriotz 1904ko abuztuaren 18an jaio zen Ermuako San Lorentzo auzoan. Bere aita, Juan Magunazelaia, jatorriz Zugastietakoa zen (gaur egun Muxikako auzoa), eta Ermuara joan zen lan egitera. Aitak Maoma ezizena zuela-eta jarri zioten alabari ere ezizen bera. Maria gaztetatik hasi zen lanean aitarekin batera, kartutxuak egiten, ondoren Matsariko Thieme-Edeler lantegi alemanera pasatu zen.

Maria Magunacelaya. Argazkia: egoibarra.eus

Eibarko Klub Deportiboan sartu, eta kirola egiten hasi zen gaztetatik. Ondoren bizikletan ibiltzen hasi zen, bere anaiaren GAC markakoan, 1925 eta 1930. urteen artean. Garai hartan bizikletan emakume gutxi ibiltzen zela eta, jende askoren irainak jasan behar izan zituen. Gipuzkoan eta Bizkaian antolatzen ziren txirrindularitza lasterketetan parte hartu zuen eta horietako batzuk irabazi ere. Ondoren, Mariaren anaia, Eusebio Magunazelaiak, bizikleta denda bat zabaldu zuen Eibarko Isasi kalean.

Gerra Zibilaren ondoren, eta jada 40 urte zituela eta, txirrindularitza utzi egin zuen, baina orduan motorretan hasi zen Lambretta gainean ikustea ohikoa zen. Angel Markanorekin ezkondua, seme bakarra izan zuen, Roberto Markano Magunazelaia deiturikoa. 1957. urtean Madrila joan zen bizitzen. 2000. urteko irailean bertan hil zen, 96 urte zituela.

Bizikletagintza eta emakumeak

Txirrindularitzaz gain, emakumeen lana bizikletagintzan ere aipagarria da. Beste lanbide batzuen artean zeuden bizikleta-muntatzaileak, fileteadorak (bizikleten pinturaz eta akaberaz arduratzen zirenak) eta enbalatzaileak. XX. mendearen erdialdeko erroldaren arabera, langileen %6 ziren emakumeak, nahiz eta errealitatean portzentajea handiagoa izan. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak nabarmenak ziren: eskubideak, soldata, baimenak, kategoria…

Izan ere, aipagarria da GAC aitzindari izan zela emakumeak lanerako kontratatzen, 1925 urtean. 1892an sortutakoa, hasiera batean, Eibarko tailer gehienak bezala, armagintzari ekin zion, bereziki pistola automatikoak, errebolberrak, errifleak eta eskopetak egiten. 1897an, GAC 32 langileko tailerra izatetik fabrika izatera pasatu zen. Lehenengo Mundu Gerra bukatu zenean, beste produktu eta merkatu batzuk bilatu behar izan zuten, eta 1927an, armagintzarekin batera, bizikletak ekoizten hasi ziren. Horretarako, bizikleten hodiak egiteko, armen kanoiak egiteko erabiltzen ziren makinak birmoldatzea besterik ez zuten. 1930erako bizikletak bakarrik egiten zituzten.

Txirrinduen fabrikazioa eta txirrindularitza oso errotuta daude Eibarko historian. Industria horren sustraiak, nola ez, armagintzan daude. XX. mende hasierako arma-fabrikazioaren krisiaren ondorioz, armaginek makina zaharrak moldatu eta bizikletak egiteari ekin zioten. Arlo horretan Orbea, GAC eta BH izan ziren nagusi; alabaina, ezin ditugu ahaztu lan handia egin zuten hainbat tailer txiki ere, hala nola, Nicolas Arregui, Zeus, Cil, Gamma, Abelux, eta Echasa-Fenix.

 

1 comentario en “[eiberri.eus] Maria Magunacelaya txirrindularia ezagutzeko aukera Armagintzaren Museoan”

  1. Roberto Magunacelaya

    Buenas tardes, el segundo apellido de María Magunacelaya no es Iturrioz es Loroño,es mi tía por parte de mi padre, un saludo.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime