Iritziak eta iradokizunak uztailaren 18ra arte bidali ahal izango dira

ELGOIBAR.- Udal titularitatekoak diren baserri bideen erabilera berezia arautzeko xedez, Elgoibarko Udalak ordenantza berria jarri du martxan. Zentzu horretan, araudi berri hori onartu baino lehen aurretiazko kontsulta publikoa abiaraziko du herritarrek eta erakunde nahiz elkarte esanguratsuenek arloaren inguruan izan dezaketen iritzia jasotzeko. Gauzak horrela, behar bezala identifikatutako herritarrek, erakundeek eta elkarteek, hala nahi izanez gero, iritziak eta iradokizunak bidali ahal izango dituzte partaidetza@elgoibar.eus helbidera eta HAZ zerbitzura 2019ko uztailaren 18ra arte.
Kontsultaren tramitea egin ostean, eta aurkeztutako proposamenak aztertu eta Ordenantza onartzeko prozedurari ekin ondoren, Ordenantzaren zirriborroa argitaratuko da web atarian, eragindako herritarrek, beste behin ere, entzunaldia egiteko aukera izateko; eta hartara, egokitzat jotzen diren ekarpen gehigarri guztiak jasotzeko.
Aipatzekoa da egurra ateratzeko edo beste zenbait lan egiteko ibilgailu astunek baserri bideak erabiliz gero, bide horiek ohikoa ez den narriadura izan dezaketela. Gaur egun udal mailako inolako erregulaziorik ez duen gai bat da, eta Udalak ez daki nor ari den bide hauek modu berezian erabiltzen; eta gainera, udal erakundea da, bere kontura, kamioi hauek sortzen dituzten kalteak konpontzeaz arduratu behar dena.