Alkatea eta diputatua Jubilatuen Etxeko, Nagusilaneko, Bizitzen fundazioko, Elgoibar Lagunkoiako eta San Lazaro egoitzako ordezkariekin batu dira

ELGOIBAR | Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urratsak ematen jarraitzen dute Errezabal egoitza berria, El Pilar ikastetxearen orube zaharrean kokatuko dena, ahalik eta lasterren errealitate izan dadin.
Maite Peña foru diputatuak eta Ane Beitia alkateak bilera egin dute Errezabal egoitzaren proiektuarekin zerikusia duten Gizarte Zerbitzuetako eragileekin. Bileran parte hartu dute Jubilatuen Etxeko ordezkariek, Nagusilanek, Bizitzen fundazioak, Elgoibar Lagunkoiak, San Lazaro egoitzak eta udal ordezkariek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren hasieran onartu zuen Elgoibarko El Pilar ikastetxeko lurzatian gizarte-zerbitzuetako ekipamendu bat eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioa. Ekipamendu horrek honako hauek izango lituzke: adinekoentzako egoitza bat, eguneko zentro bat (40 plaza) eta aparkaleku bat (140-150 plaza). Enpresek proposamenak aurkezteko epea martxoaren 7an amaituko da. Gunea eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioaren aurrekontua 21 milioi euro baino gehiagokoa da.