Hamairu ikaslek metrologian espezializatzeko aukera izango dute
EIBAR.- Armeria Eskola-k, AIC Academy-k, Sariki Metrologiak eta sektore desberdineko 11 enpresak metrologiari buruzko espezializazioko programa hezigarri esklusiboa jarri dute martxan
Bizkaian, Igorren hasi, Arratia-ko haranean eta Gipuzkoan Urola Kostaraino, 8 herritako 11 enpresek hartuko dute parte Metrologiako Kalitate-Kontrolari buruzko Espezializazioko programa aitzindari honetan, horrela, sektorean hain beharrezkoak diren langile teknikoak prestatuko direlarik.
Ekimen berri eta esklusibo honen bidez eta Armeria Eskola, Sariki eta AIC Academy-ren eskutik, Armeria Eskolako eta IES Barrutialdeko kide diren 13 ikaslek metrologian espezializatzeko aukera izango dute. Ikasle horiek metrologo profilaren berezko funtzioak beteko dituzte enpresetan.
Azken urteetan Armeria Eskolako Elkarteak, bere lan-poltsa zerbitzuaren bidez, metrologoen eskaera nabarmen gehitu dela egiaztatu du. Bestalde, joan den urteko maiatzean sektore desberdineko enpresekin egindako topaketetan, Sarikik eta AIC-k profil horretako langileak aurkitzeko zailtasunak zituztela esan zioten Armeria Eskolari, nabarmendu zuten kasuren batean urtebete baino gehiago behar izan zutela norbait aurkitzeko.
Topaketaren ondoren eta bozeramaile gisa arituz, Armeria Eskolak metrologiako kualifikazioa duten pertsonen premiazko beharra helarazi dio Lanbide-Heziketako Sailburu Ordeari, eta heziketa diseinua egiten hasi da.
Armeria Eskolak azpimarratu duenez, «ekimena enpresei ondasunak sortzen laguntzako abiaraztea da. Horrela, Metrologia arloan dagoen talentu eza konpontzea, enpresak euren beharretara egokitutako langileak izatea, eta ikasleek balio handiko ikasketak jasotzeaz gain titulazio bikoitza izatea lortu nahi da. Lehen unetik hainbat enpresa interesatu dira ekimenean eta 60 baino gehiagorekin jarri gara harremanetan proiektua eta bere baldintzak azaltzeko».
Lehen edizio honetan, ekimenagatik apustu egin eta ikasleak euren instalazioetan formatzeko zein programaren kostuetan laguntzeko konpromisoa hartu duten enpresak hauek izan dira: Igorreko BATZ SOZIETATE KOOPERATIBOA, Atxondoko FUCHOSA S.L, Eibarko MIM TECH ALFA SL, AYRA CARDAN SPICER, WIND ENERGY COMPONENTS, S.L. (WEC TALDEA), Itziarko, JEGAN S.A.L, Mendaroko EGILE CORPORATION XXI, Ermuako TALLERES MECANICOS IMAG, S.A., ENGRANAJES GRINDEL S.A.L, Elgoibarko METROLOGIA SARIKI S.A. eta Zestoako PUNTEADOS DE PRECISIÓN GOIALDE.
“Langile kualifikatu nahikorik ez izateagatik hainbesteko eskaera duen profilaren beharra duten enpresei soluzio bat eskaini nahi diegu» adierazi dute Armeria Eskolatik. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta enpresen laguntzaz, heziketa programa hau bultzatu dute txandaketako DUAL formatuan, non ikasleek enpresan eta ikastetxean prestatuko diren.
15 hilabeteko iraupena duten goi mailako heziketa ziklo arruntak amaitutakoan egingo da 2000 orduko hirugarren ikasturtea, eta amaieran, Eusko Jaurlaritzaren Heziketa Departamentuak igorritako titulu ofizial bikoitza jasoko dute ikasleek.
Lehen edizio honetako ikasleak Armeria Eskolakoak eta IES Barrutialdekoak izango dira, nahiz eta Autonomia Erkidegoan fabrikazio mekanikoko familia profesionala ematen duten zentro guztiei eman zitzaien programaren berri.
Ikasleek aukeraketa sistema zorrotza pasa izan dute, non enpresa hartzaileek paper garrantzitsua izan duten. Programaren amaieran 13 lanpostu sortuko dira zorioneko ikasleentzat, Armeria Eskolak dioen moduan «enpleguaren aldeko apustu garbia».
Hainbat azpisektoreentzako programa da, beste zentro eta enpresekin elkarlanean diseinatua eta garatua. Erronketan, talde lanean eta ikasleen konpetentzietan oinarritutako metodologia berritzailea dela esan digute Armeria Eskolatik.
Erreferentzia-modeloak eta erabilitako metodologiak kolaborazio-izaera nabaria ematen diote proiektuari, ez soilik erabiliko den metodologiagatik, baizik eta proiektuaren diseinuagatik eta garapenagatik ere. Armeria Eskola eremu honetako bi erreferente garrantzitsurekin elkartu da, Metrología SARIKI-rekin eta ACICAE automobilgintza klusterreko partaide den AIC Academy-rekin. Hirurak arduratuko dira ikasleak formatzeaz Eibarko, Elgoibarko eta Amorebieta-Etxanoko espazioetan.
Armeria Eskolak adierazi duenez, industria sektoreak duen kualifikatutako teknikoen gabezia ikaragarria konpontzeko publiko-pribatu elkarlanaren adibidea da programa hau.