Leire Abanzabalegik bere kargua utziko du zazpi urteko ibilbidea egin eta gero

EIBAR.- Eibarko EH Bilduk bere zinegotzi berria aurkeztu du gaur goizean. Horrela, Leire Abanzabalegiren ordez Iñaki Penedo hasiko da lanean Eibarko udalean.
Azaldu dutenez “Leirerentzat agurtzeko unea iritsi da. Gainera berak dion bezala, eta horrela uste dugu EH Bildun, beharrezkoa izaten da horrelako karguetan erreleboa ematea, hurrengoei tokia egiteko. Asko ikasi dugu Leirerengandik, proposamen asko egin eta fin ibili da lanean, bere ikuspuntu soziala EH Bilduren proposamenetan txertatuz”.
Hau dela eta, datorren otsaileko Plenotik aurrera, Iñaki Penedo eibartarra izango da EH Bilduren zinegotzi berria.
Iñaki, 1989an jaio zen Eibarren. Ekonomia Lizentziatua da EHUn eta Univertsitat de Barcelonako Finantzetan masterra dauka. Goizeko aurkezpenean adierazi dutenez “EH Bildurentzat gazteon ikuspuntua Instituzioetan txertatzea oso garrantzitsua da, beraz, zortea dugu Eibarko Udaleko zinegotzi gazteena gurekin izateaz”.