Helburua da ikastetxeek bultzatutako hainbat programa eta proiektu sustatzea eta euskarari lotutako hezkuntza-ekintzak indartzea

ELGOIBAR| Elgoibarko Udalak 211.777 euroko dirulaguntza emango die ikastetxeei, “Bizitzarako prestakuntza euskaraz” programaren baitan, 2021/2022 ikasturtean hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko. Joan den ikasturtean baino 54.000 euro gehiago dira. Kontuan izan behar da pandemiagatik 20/21 ikasturtean eskolek ezin izan zituztela ekintza asko burutu.
Hitzarmena honakoek sinatu dute, besteak beste: Ane Beitia Arriola, Elgoibarko Udaleko alkatea; Jabier Larrañaga Alberdi, Elgoibar Ikastolako zuzendaria; Raquel Aguirre Ormaechea, Herri Eskolako zuzendaria; Iñaki Odriozola Sustaeta, Elgoibarko Institutuko zuzendaria; Ane Alustiza Alustiza, MEKA Lanbide Eskolako zuzendariordea, Ixaka Egurbide Lekube, IMHko zuzendaria eta Estibalitz Arando Ugartetxea EPAko idazkaria.
Dirulaguntza hori Udaleko Hezkuntza, Gizarte Ongizate, Euskara, Berdintasun, Sustapen Ekonomiko eta Enplegua eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako sailek bideratu dute, betiere, eskolekin adostutako hitzarmenak garatzeko eta sail hauen helburuekin bat datozen ekintzak abian jartzeko.
Laguntzen zenbatekoari dagokionez, hauexek datuak:
- HERRI ESKOLA: 30.985,32 euro
- INSTITUTUA: 33.879,87 euro
- IKASTOLA: 59.014,88 euro
- MEKA: 14.028,26 euro
- IMH: 71.981,77 euro
- EPA:1.886,90 euro