[eiberri.eus] Errebaleko eraikin berrian Elikagune bat sortzea proposatu du Eibarko EH Bilduk

Eraikinaren kudeaketa-eredua eta barruko erabilerak zehaztu barik daudela gogorazi dute
Errebal proiekturako proposamena egin du EH Bilduk

EIBAR.-2013an  herritar orori irekitako Errebali buruzko parte-hartze prozesua burutu zen “EH Bilduk bultzatuta. Bertan, ondorio zehatzak jaso ziren Errebal espazioari buruz, baina badirudi, denbora pasa ahala PSEk ahaztu egin dituela” azaldu dute koalizio politikotik.

EH Bilduk bertan zehaztu ziren ondorio deigarrienak azpimarratu ditu. Hauetako batzuk hauek dira: prozesuak zentro komertziala baztertzen duela eta merkatu komertzioarekin zerikusia duen aktibitate ekonomiko baten sorrera bermatuko duela; proiektuak baserritarrekin erlazio zuzena izan beharko duela eta Rialton irabazitako bisibilitatea eskainiko dien espazio bat bermatuz; ekoizpen lokal hau abiapuntutzat, merkatua bertako produktuen kontsumoan oinarritu daiteke, produktu ekologikoak eskaintzen dituen postuen sorrerarekin, bertako produktuak hurbilago izateko; espazioaren erabiltzaile potentzialak familiak eta gazteak izango dirala batez ere, horrela, belaunaldien arteko erlazioak sustatuko dituen topalekua bihurtuz; eta programazio irekia duen espazio bat aurreikusten da, zeinetan agenda kultural amankomun eta propio bat sortzeko aukera egongo den, ondorioz, giza sare eta elkarteen inplikazioa bilatuz  ekintzen eskaintza egonkor bat bilatzeko eta Errebal erreferente bilakatzeko asmoarekin.

Proiektuak parte-hartzearen jarraitasuna bermatu beharko du datozen fase guztietan. Honen arira EH Bilduk “denbora darama espazio soziokulturalaren erabilera zehatzak zehazteko parte-hartze prozesu bat martxan jartzeko eskatzen. Beharrezkoa da kultur eta giza eragileen iritziak aintzat hartzea. Herritarrek baztertu zuten PSEk eta PNVk nahi zuten zentro komertziala eta herritarrek merezi dute barruko erabilerak zehazterakoan beraien hitza entzutea”.

EH Bilduren ustez, Eibarko Kultura Mahaia sortuta egongo balitz, lanketa hau egina egongo litzateke. Eta lanketa hori egina egongo balitz, geratzen den obraren lizitazioa ateratzerakoan, behar horietara egokitutako proiektua ateratzeko aukera egongo litzateke. “Berriz ere, berandu eta gaizki dabil PSE. Edo parte-hartze prozesua baztertzen ari dira, PSEren Udal Gobernuak ezkutuan zehaztu dituelako bertako erabilerak?” EH Bilduk zalantza handiak dituela honen inguruan adierazi dute.

Elikagune bat Errebalen

Igone Lamarain eta Gorka Errasti, Eibarko EH Bilduko zinegotziak, Eneko Etxeberria Azpeitiako Alkatearekin batera, Azpeitiako Plazan duela gutxi ireki duten “Elikagunea” gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Elikagunea, Euskal Herriko elikagaien topagunea da, kontsumo eredua eraldatuz lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa. Bertan, produktu ekologikoek eta gertukoek dute lekua. “150 kilometroko radiotik ekartzen dituzte produktuak, beti Euskal Herriko mugen barruan. Azpetiako zenbait baserrirekin ere lan egiten dute. Hainbat motatako produktuak eros daitezke bertan, granelean eramateko aukera ere badago eta arraindegi eta harategia dute bertan. Sukaldaritza zerbitzua ere badute eta momentuan prestatutako jakiak erosteko aukera ere eskaintzen dute. Azpeitian, gainera, ohiko baserritarren salmenta espazioaren ondoan kokatuta dago eta harrera ona izan du Elikaguneak beraien artean” azaldu dute..

Eibarren ere, Errebalen kokatzeko ideia bikaina dela uste du EH Bilduk eta esan dutenez “parte-hartze prozesuan ondo jasota geratu zen bezala gainera, denda berezia izango litzateke, erakargarria eta prozesuan jasotako filosofiarekin guztiz bateragarria ere”.

 

EIBERRI

Eibar, Elgoibar, Ermua eta Mallabiko informazioa. Información y actualidad de Eibar, Elgoibar, Ermua y Mallabia

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

A %d blogueros les gusta esto: