Diru-laguntzak jardueraren eta klubeko kideen kopuruaren arabera ematen dira.

EIBAR.- Guztira hamahiru izango dira diru-laguntza jasoko duten kirol klubek. Horrela, Eibarko Udalak 75.000 euro banatuko ditu urtean zehar egiten dituzten jardueretan laguntzeko. Laguntzak jardueraren bolumenaren eta klubeko partaideen kopuruaren arabera ematen dira.
Alberto Albistegui Kirol Zinegotzi Ordezkariaren hitzetan, “Kirolaren kultura gure ADNaren parte da.” Kirol eta jarduera fisikoa herritarren bizi-kalitatearen, garapenaren eta ongizatearen adierazpide dira. Horregatik, kirol-klubek eta -elkarteek gure laguntza ekonomiko eta logistikoa izaten jarraituko dute, eta horrek lagunduko die kirola sustatzen eta bultzatzen; batez ere, oinarrizko kirola, zeinak balio eta jarrera positiboak sustatzen dituen, azken finean, kirol-jardueraren bidez bizi osorako heziketa bat eskuratzen da-eta.
Jasoko duten zenbatekoaren arabera, diru kopuru handiena Eibar Eskubaloia Taldearentzat izango da, zeinari 15.249 euro emango zaizkion. Klub honek talde asko ditu, bai mutilenak bai neskenak, eskubaloiaren kategoria ezberdinetan. Antzeko kopurua, 15.134 euro, jasoko ditu Eibarko Klub Deportiboa, bazkide eta kirol jarduera ugari ditu-eta.