Ei! Berriak

[eiberri.eus] Eibarko EGIk Ipuruako Kiroldegiaren egoera txarra salatu du

EGI kiroldegia berritzearen alde agertu da
Pasadan barikuan topaketa bat izan zuten kirolari buruz hitz egiteko

EIBAR.- Euzko Gaztedi – EGIk, EAJ-PNVren gazte-erakundeak, topaketa arin bat gauzatu zuen pasadan barikuan Ipuruako kiroldegi aurrean kirolaren orainaz eta etorkizunaz berba egiteko. “Kirola inportantea da Eibarko bizitza sozialean eta funtsezkoa bizi-estilo osasungarri baterako. Azpiegitura eta espazio egoki batzuk edukitzeak ere berau praktikatzea errazten dute”, adierazi du Iker Lakak, Eibarko EGIko idazkariak.

Zentzu horretan jeltzale gazteak kezkatuta agertu dira Ipuruako kiroldegiak egun duen espazioaren banaketa desegokia, funtzionaltasun falta eta irisgarritasun arazoengatik. Modu berean, bertako instalazio batzuek duten egoera txarra azpimarratu dute; Udal Gobernuaren utzikeria tarteko. “Ezin dugu ulertu Eibarren erabilera handiena duen ekipamenduak duen egoera kaskarra. Txarto aprobetxatuta dagoen eraikina da eta ez die eibartarrek eskatzen dituzten beharrei erantzuten. Horri guztiari, gainera, mantentze-lanen falta orokorra gehitu behar zaio”. Egikideek aditzera eman dutenez, ohikoa da gazte jendeari instalazioen gabeziei eta jarduera fisikoa egiteko erabiltzen dituzten materialei buruz kexaka entzutea. “Gurekin harremanetan jartzen dira eta egunerokoan bizi dutenaren irudi nahiz komentarioak helarazten dizkigute. Gazteriarentzat tresna egokia garela jakiteak pozten gaitu, izan ere, udal politikan eragiteko dugun gaitasunean sinesten dute; euren beharrizan eta interesei bidea ematen diegulako.

Kritika gehien biltzen dituen kiroldegiko instalazioa gimnasioa da
Erreformatu eta berritzearen alde agertu dira EGIkoak

Kritika gehien biltzen dituen kiroldegiko instalazioa gimnasioa dela aipatu dute. “Bere egoera kaskarrak erabiltzaileen irudimena areagotzea eragin du. Kristorenak egin behar dituzte ariketak aurrera eraman ahal izateko, gauza baterako diren materialak beste baterako erabiliz: makina ugerrak, zikinak, barrubigun urratuekin eta kableen estalki apurtuekin; euskarri bariko halterak (pisuak jausi ez daitezen papera erabiltzen dutela aitortu digute); materiala etxetik daramaten pertsonak edo arazoak ematen dituzten bizikleta estatiko eta eliptikoak. Euzko Gazteditik beste adibide batzuk ere eman dituzte: 6 hilabete baino gehiago helduleku barik daraman komun bateko txorrota edo motxila goraino eramaten duen jendea kasu, aldageletan ostu egingo dieten beldur direlako. “Hori da errealitatea eta PSOEk bere gain hartu beharko luke erantzukizunaren zati bat; baita, dagozkion azalpenak eman ere”, azaldu dute.

 

Jeltzale gazteak kezkatuta agertu dira kiroldegiaren egoeragatik

Horrenbestez, “Ipuruako polikiroldegia erreformatu eta berritzearen alde egiten dugu. Erabiltzaileek, kirolariek eta herriko kirol klubek merezi duten mailako instalazioak eduki behar dituzte, eta hori beraiekin elkarlanean lortu behar dugu”, esan du Lakak. Abertzale

gazteen arabera erreformak espazioaren banaketa hobetzea eta kanpoko igerilekuen sarbidea eraikin nagusian barneratzea ahalbidetuko luke. Horrekin batera, instalazio guztien eta beharrezko materialen berritzeari ekingo litzaioke. EGIk proposamena Eibarko Uri Buru Batzarrari aurkeztu dio eta honen konpromisoa lortu du hurrengo maiatzeko udal hauteskundeetako programan sartzeko.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.