Olentzero eta Mari Domingi prest daude gaur gauean lana egiteko

EIBAR/ERMUA/MALLABIA.- Heldu da eguna! Gaur gauean Olentzero, kasu batzutan Mari Domingirekin, opariz beteta helduko da Debabarrenara.
Eibarren 11,30ean hasiko da Olentzeroren harrera kalejira batekin, Juan Bautista Gisasola Musika eskola eta Adolfo Jainagaren ikasleen eskutik eta Eibarko kantuzaleak eta kaleetan kantuz. Kalejira Urkizutik hasiko da eta Arragüeta , Coliseo antzokia, Errebal, Anbulategia, Toribio Etxeberria eta Untzaga Plazaraino. 12:30etik aurrera Olentzero Udaletxean izango da umeekin azken eskutitzak jasotzeko.
Amaña auzoan, berriz, 17,00etatik 19,00etara ibiliko da kalejiran gozoki banaketarekin eskolako IGErekin elkarlanean. eta 19,00etatik aurrera triki-poteoa egongo da.
Ermuan Olentzero Txiki ikazkin jatorra helduko da eta kalejira alaia egingo da herriko txikienekin batera. Ibilbidea 11:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan, eta Anaitasuna Ikastolako, Txindurri Dantza Taldeko eta Alboka Musika Eskolako ikasle eta irakasleek girotuko dute jaia. Bestalde, urtero egiten den moduan, Olentzero abenduaren 31n iritsiko da ‘ofizialki’ Ermura, urte amaierarekin batera.
Euskal Herriko gainontzeko herrietan abenduaren 24an ospatzen den arren, Gabonzahar egunean iristen da ikazkina Ermura. Diktadura garaiko gertakizun baten ondorioz hautatu da egun hori azken urteetan. Gerra zibilaren garaian, Olentzero ospatzeko eta kalera taldean irten ahal izateko agiri eta baimen guztiak behar ziren. Urte batean, baimenak ez ziren abenduaren 24rako iritsi, eta egun horretan ezin izan zen kalejirarik egin. Beraz, antolatzaileek baimena eskuratu zutenean, atzeratuta ere, urteko azkeneko egunean ekitaldia egitea erabaki zuten. Harrezkero, bere horretan mantendu da ospakizuna. Gauzak horrela, abenduaren 31n arratsaldeko 18:00etan etorriko da Olentzero Ermura, eta Orbe Kardinala plazan egingo zaio harrera.
Eta Mallabira arratsaldeko 18:30ean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi plazara gauean opariak banatzen hasteko.


