Urtero lez Malen aurreko larunbatetan herriko taldeak izango dira protagonistak
MUTRIKU| Mutrikuko udalak udako kultur emanaldien egitaraua aurkeztu du. Urtero lez Malen aurreko larunbatetan herriko taldeak izaten dira protagonista.
Horrela, bihar uztailaren 6an, 23:00etan, Madalen Abesbatza eta akordeoi taldea izango dira Goiko plazako oholtzara igoko direnak.
Uztailaren 13an, 23:00etan, “Sorotan Bele gogoan” kontzertua izango dugu Mutrikuko polikiroldegian. Sorotan Bele taldearekin batera Mutrikuko Musika Banda eta Gure Ametsa dantza taldea ariko dira. Emanaldi honetarako sarrerak uztailaren 1etik aurrera jarriko dira salgai www.mutriku.eus helbidean eta turismo bulegoan. Beste emanaldi guztiak doan izango dira.
Uztailaren 20an Afrika Bibang-en txanda izango da. Zazpi musikariz osatutako taldea ariko da Goiko plazan, 22.30etatik aurrera.
Malen jaien ondoren beste emanaldi bi izango ditugu: Abuztuaren 3an Meñakoz dantza taldearen Labarretan ikuskizuna eta Abuztuaren 10ean Idoia Asurmendiren kontzertua, taldearekin.
Abuztuko emanaldi biak 23:00etan izango dira, Goiko plazan.