Ostiralean, ‘Zerua: Motxailen aterpe’ bertso saioa antolatu da, eta larunbatean, berriz, Motxaila eguna egun osoko egitarauarekin

MENDARO| Urtero lez, Motxaila Eguna ospatuko da Mendaron Martxoaren 17an eta 18an. Herriko hainbat eragilek Mendaroko Udalaren babesarekin antolatu dute jaia.
Ostiralean, martxoak 17, ‘Zerua: Motxailen aterpe’ bertso saioa antolatu da San Agustin Kulturgunean. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Joanes Illarregi bertsolariek hartuko dute parte. Gai jartzailea Ainhoa Urbieta izango da. 22:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude Morroskilon eta Aitzbeltzen.
Larunbatean, berriz, martxoak 18, Motxaila Eguna izango da. Honakoa da egitaraua:
- 9:00 – Gaztetxetik irteera.
- 11:00 – Aitzbeltzeko koban ipuin kontalariak poesia, musika, hamaiketakoa.
- 15:00 – Gaztetxean bazkaria.
- 18:30 – Miren G karropoteoan.
- 22:30 – Bazapiztiak taldearen kontzertua Gaztetxean.
- Ondoren erromeria Muxutruk! Taldearekin.
Aspalditik entzun izan da Mendaro motxaila herria izan zela. Garai batean, aldiz, oso jende estimatua omen zen: herriz-herri joan ohi ziren, udaberri hasieran, baserrietako ardi, antxume eta bestelako animaliei ilea moztera. Horra, beraz, motxaila hitzaren jatorria, ile moz-taileak… motxailak. Badirudi motxaila horiek Mendaro zutela ohiko bizileku.
2006an hasi zen Motxaila Eguna ospatzen. Aitzbeltz kobazulora ibilaldia eginez hasi zen lehen edizioa, eta horrek izandako arrakasta ikusirik, hurrengo urtean bazkaria eta iluntzeko bertso-poteoa eranstea erabaki zen. Aurten ere Motxaila Eguna egingo da bi jardunaldiz.
Mendaroko Udalak herritarrei dei egiten die antolatutako ekintzetan parte hartzera.