‘Jara’ eleberria izan da azken urtean gehien irakurri den liburua Ermuko udal liburutegian.

ERMUA.- Jasone Osoro idazle elgoibartarrak jaso du aurtengo Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria. Berak idatzitako ‘Jara’ eleberria izan da azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko lana.
Ohikoa denez, Ermuko liburutegiko erabiltzaileek aukeratu dute sariduna, urtean zehar gehien mailegatu den liburua izan baita. Horrela, idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, saria irakurleek eurek ematea da garrantzitsuena, nolabait idazlearen eta irakurlearen artean zubia eraikitzen baita.
Informazio Zientzietan lizentziaduna da Jasone Osoro Igartua, eta kazetari lanetan aritu izan da hainbat urtez. Telebistan ere aritu izan da, aurkezle zein gidoilari lanetan, eta urteak daramatza egunkari eta aldizkarietan zutabeak idazten. Bere lehen literatura lana, ‘Tentazioak’, 1998. urtean kaleratu zuen, eta harrezkero ibilbide oparoa izan du.
Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria Jon Maiak, Karmelo Jaiok, Kirmen Uribek bi bider, Irati Jiménezek, Katixa Agirrek, Antton Irustak, Eskarne Mugikak eta Alberto Ladronek jaso dute orain artean.
Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta hark Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu. Ezekiel Etxebarria Ermuan bizi eta bertako apaiz izan zen 56 urtez, XIX. mendean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen eta hainbat bertso idatzi zituen, non herriko orduko ohituren berri ematen digun.