Ei! Berriak

[eiberri.eus] Elgoibarko Bertso eskolak datorren ikasturterako matrikula ireki du

Udalak ikasturte honetan abian jarri duen Bertso Eskolak jarraipena izango du 21/22 ikasturtean ere
Eskolarteko bertso-paper lehiaketan, Debabarrena eskualdeko irabazle

ELGOIBAR.- Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean, oporren ostean, irailaren 2. hamabostaldian, abian jarriko du bertso eskolaren ikasturte berria.

21/22 ikasturtean Bertso Eskolan parte hartzeko, baina, izena eman beharko da, eta horretarako, interesa duenak bere datuak eman beharko ditu Elgoibarko Udalaren Euskara Sailean, telefonoz 943744366 zenbakira deituta, edo emailez euskara@elgoibar.eus helbidera mezu bat bidalita.

Izena emateko epea, bestalde, uztailaren 22ra arte egongo da zabalik.

Datorren ikasturteko saioak 8-16 urte bitartekoentzat izango dira, eta astelehen arratsaldetan eskainiko dira, ordubetez, Aita Agirre kulturgunean. Irakasle lanetan, berriz, Eneko Beretxinaga soraluzetarra arituko da.

Eneko Beretxinagak bertsoarekin duen harremana transmisioarekin lotuta egon da, eta bereziki, bertso-eskolekin, aisialdiarekin eta hezkuntza arautuarekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakaslea baita.

Bukatu berri den ikasturte honetan, Beretxinaga aritu da Bertso Eskolako irakasle lanetan, eta bi talde izan ditu bere kargu, guztira, 8-13 urte bitarteko 16 ikasle.

Ikasturte hasieran, talde bakarrarekin hasi zen, baina, proiektu honetan parte hartu nahi zuten ikasleak ugaritu egin zirenez, urtarriletik aurrera bi talde izan dira; horregatik, bai irakasleak, baita Udalak ere, oso balorazio positiboa egin dute, eta bertso eskola egonkortzeko ahaleginetan jarraituko dute.

Elgoibarko Bertso Eskolako irakasle ez ezik, Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ematen dituen irakaslea ere bada, eta 250 ikasle ditu bere ardurapean

Bertsoetarako zaletasuna gorantz

Udalak finantzatutako bi egitasmo horiei esker, badirudi bertsoetarako zaletasuna sustatzen ari dela gure herriko gaztetxoen artean, eta horren adibide argia da bukatu berri den Eskolarteko bertso-paper lehiaketa, Debabarreneko saritu guztiak elgoibartarrak izan baitira, eta horietako bi, bertso-eskolako ikasleak.

Hona hemen eskolarteko bertso-paper lehiaketan, Debabarrena eskualdeko irabazle izan direnak:

2011-2012 URTEETAN JAIOTAKOAK:

  1. SARIA: Irati Arzamendi Arozena (Elgoibar Ikastola)
  2. SARIA: Julen Rodriguez Eugi (Elgoibar Ikastola)

2009-2010 URTEETAN JAIOTAKOAK:

  1. SARIA: Ibon Lizarralde Aizpurua (Elgoibar Ikastola)
  2. SARIA: Endika Gorosabel (Elgoibar Ikastola)

2007-2008 URTEETAN JAIOTAKOAK:

  1. SARIA: Maialen Arriola (Elgoibar Ikastola)
  2. SARIA: Naroa Muguruza Iriondo (Elgoibar Ikastola)

2003-2006 URTEETAN JAIOTAKOAK:

  1. SARIA: Eneko Etxaniz Irureta (Elgoibar Ikastola)
  2. SARIA: Ez da lanik aurkeztu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.