Ei! Berriak

[eiberri.eus] ‘Ekoizpen eta kontsumo arduratsua’ landu da Elgoibarko Eskolako Agenda 30ean

Ikasleek haien proposamenak bideo bidez bidali dizkiete udalari
Guztira, 28 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 30 programan

ELGOIBAR.-  Bizi dugun egungo egoera dela eta, urtero egiten den Eskola Agenda 30eko udalbatzarra egin beharrean, aurten ikasleek haien proposamenak bideo bidez bidali dizkiete udalari; udalak ere bideo baten bitartez erantzun diete ikasleen eskaera eta proposamenei.

Aurtengo ikasturtean Ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 30 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Elgoibarko Udalaren, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Urtean zehar ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan.

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek Udalbatzarrean, aurten bideo bidez, aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Plastikoaren erabilera murrizteko, oihalezko telak, tapperak…erabili.
  • Elgoibar erdiguneko gune batzuetan (Bernardo Ezenarro Kalea, Aita Agirre Plazan…) zenbait aparkaleku kotxe elektrikoentzat erreserbatu, era horretan kutsadura jaitsi eta elektrikoaren erabilera bultzatzeko.
  • Bidegorrian komunak eta zabor ontzi gehiago jarri.
  • Herriko nekazarien kontsumoa eta kontsumo ekologikoa sustatzeko kanpainak martxan ipini eta laguntzak eman. Hala nola azoka gehiago antolatu, bisitak egin.
  • Herritarrek erabili ahal izateko bizikleta elektrikoak jarri.

Eskolako Agenda 30 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 19 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 30 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 28 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 30 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.