[eiberri.eus] Eibarko EH Bilduk supermerkatu handiei buruzko hausnarketa egitea eskatzen du

  • 2
    Compartidos
PSEren Udal Gobernuak supermerkatu handien etorrerari buruzko hausnarketa egiterik nahi ez duela salatu du
Supermerkatu handiak Eibarren lekua bila dabiltza EH Bilduren esanetan

EIBAR.- EH Bildu arduratuta dago Eibarren kokatu diren edo eta nahi duten supermerkatu kate handiekin. Gauzak horrela, idatzi bat helarazi zioten joan zen apirilean Hirigintza Batzordeburuari, Hirigintza Batzordean gai honi buruzko hausnarketa partekatua eman zedin. Urte erdi beranduago, hausnarketa horren zain jarraitzen du EH Bilduk «abuztuan irakurri genuen beste supermerkatu handi bat kokatuko dela Otaola Hiribidean. Eta badabiltza gehiago toki bila. EH Bildu arduratuta dago supermerkatu kate handi guzti hauen presentziak dakartzan ondorioekin. Horregatik eskatu genuen alderdi guztion arteko hausnarketa partekatu bat egitea. PSEk ordea ez du ezta gure eskaera erantzun ere eta etorrera hauekin pozik dagoela dirudi».

EH Bildutik adierazten dutenez «inork ez du aztertu kate handi hauen etorrerak Eibarren eta Eibarko komertzioan izan dezakeen eragina. Eta badirudi, PSEk asmorik ere ez duela. Gainera, jakinak dira kate handi horietan eskaintzen diren lan baldintza eskasak. Prekarietatea da nagusi. Ustezko ezkerrekoa den alderdi bat, nola da posible etorrera hauekin ardurarik gabe jokatzea?

Aspaldi egin zuen zerbitzuenganako apostua PSEk eta urteak eta gero, Eibarko datu sozioekonomikoak negargarriak dira. Supermerkatu kate guzti hauei alfonbra gorria jartzen badizkie PSEk gainera, datuak are negargarriagoak izango dira. Ordua da, gai honi buruzko hausnarketa integrala egiteko, berandu baino lehen. PSE gero, Eibarko datuez arduratuta azalduko da prentsan, baina non dago beraien erantzukizuna?» galdetzen dute.

EH Bilduk eskatu duen hausnarketa partekatu horren esperoan, «dagoeneko agerikoak dira supermerkatu handien aldeko apostuak ekarri dituen hainbat ondorio» azpimarratu dute «gure auzoetatik komertzio txikia desagertu egin da edo desagertzear dago, auzo bizitzan dakarren eraginarekin; supermerkatu hauetan sortzen den enpleguaren kalitatea eskasa da, behin behinekoa eta kasu askotan jardunaldi partzialekoa; azkeneko 10 urtetan Eibarren zerbitzuek ia 3 puntu gora egin duten bitartean, proportzio berean industriak egin du behera. Zerbitzuetako lan baldintzak industriakoak baino kaskarragoak dira. Herria etengane pobretzen ari da eta gainera, supermerkatu hauen irabaziak herritik kanpora doaz».

Honetaz gain gogoratzen duteu Eibarko Plan Estrategikoa duela bi urte onartu zela eta irekiera guzti hauek ez doazela planak markatzen duen norabidean «hain zuzen ere: ehun industrialaren dibersifikazioa sustatu beharra ekonomia indartzeko, balio erantsia duten aktibitateak eta kalitatezko enplegua sortuz».

Horregaitik EH Bilduk oso argi dauka «kontsumo ereduak eta supermerkatu kate guzti hauei ateak zabal zabalik uzteak hiri ereduarekin lotura handia du. Eta hau, ez da EH Bilduk Eibarrentzat nahi duen hiri eredua. Bukatzeko, PSEri exijitzen diogu gure eskaera aintzat har dezala eta guzti honi buruzko hausnarketa partekatu bat egitea Udaleko alderdi guztion artean. Eibarko hiri eredua eta aberastasuna daude jokoan».

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.