[eiberri.eus] Eibar ‘Herri City’ saioaren protagonista izango da gaur gauean

  • 5
    Compartidos
Herrietatik hirietara salto egin ondoren hiriburuak eta hiriak dira ETBko saioaren protagonistak
Gasteizeko buruzko saioaren irudia. ARGAZKIA: EITB

EIBAR.- Gaurko  ‘Herri City’ saioan, Eibar izango da protagonista nagusia eta  Zuhaitz Gurrutxagak, Mikel Pagadik eta Beñat Iturbek hurbiletik ezagutuko dute hiria.

Zuhaitzek Eibarko bilakaera demografikoa aztertzen hasiko du eguna. Haran estu batean dagoenez, bertako eraikinak ahal bezala eraiki dira industrializazioaren garaitik hona. Amaña auzoa da Eibarko eraikuntza eta demografia bilakaera ulertzeko auzoetako bat.

Juanito amañarrak azalduko dio garai bateko Amaña zelaiz osatuta zegoela, eta, etxebizitzak eraikitzeko premia zela eta, hiria zeharkatzen duen Ego ibaia bera ere estali egin behar izan zutela. Kontxaren eskutik, berriz, hirian ezkutatzen diren beste hainbat sekretu ezagutuko ditu Zuhaitzek. Sinestezina dirudien arren, Eibarren, garai batean, Benidorm bat izan zen. Ipurua auzoko hainbat bizilagun joan ohi ziren autobide ondoko zelai batera zer eta eguzkia hartzera! ‘Eibar itsusia da. Kaiola itsusia da Eibar; baina barruko txoria kantaria da’ dio Kontxak. Arrateko santutegira igota, bertako amabirjinari buruzko hainbat kontu ezagutuko ditu Zuhaitzek. Arrateko ama eibartarren zaindaria da. Idoia eta Miren ama-alabek sekulako debozioa diote. Ez da harritzekoa, bertako bizilagunen esanetan haurrak ez baitatoz Paristik, santutegitik bertatik baizik. Amañako kaleetara ostera ere bueltatuta, Goma ezagutuko du Zuhaitzek, auzoan izugarri estimatua den pertsonaia, besteak beste, auzoko festak antolatzeko lanak hartzen dituelako urteko egun guztietan. Jaietarako finantzazioa lortzeko, Gomak, 30.000 zozketa txartel saltzen ditu urtero. Beharbada lan horren ondorioz dira Amañako festak Eibar osoaren mirabe.

Pagadik, aldiz, Eibarko misterioak arakatuz hasiko du eguna. Azitain auzoko elizan dagoen bizarrik gabeko kristoaz gain, hirian oso zabalduta dagoen kondaira bat argitzen ahaleginduko da. Diotenez, Donostiako Santa Klara uhartea eibartarrena omen da. Iraganean donostiarrek izandako gerraren baten ondorioz, armak eskatu behar izan zizkieten armaginei, alegia, eibartarrei. Armen truke dirurik eman ezin zutela eta, donostiarrek Santa Klara uhartea eskaini omen zieten berme gisa. Baina hori ez da Pagadik Josuren eskutik jakingo duen bitxikeria bakarra. Patxirekin, aldiz, Eibarren Lambretta motorrek izandako iragana eta egun duten oraina ezagutuko du Pagadik. Motor marka italiarra izan arren, Lambretta etxeak Eibarren izan zuen bere lantegi nagusia. 500 langile izatera ere iritsi zen fabrika. Gaur egun, Lambretta motorra dutenen kluba dago Eibarren, eta urtean zehar ez dira falta kultur ekitaldiak. Tarteka, gainera, “moto-pote” ekintza egin ohi dute, eta Pagadik bertan parte hartzeko aukera izango du.

Beñat Iturbek, bere aldetik, eibartarren eskari aldrebesak jasoko ditu. Antza, eraikin gehiago, eskailera mekaniko gutxiago edota Su Ta Garren kontzertu gutxiago nahi dituzte eibartarrek. Bestalde, deep web delakoan aurkitutako hainbat alprojakeria ekarriko ditu Beñat Iturbe millenialak.

‘Herri City’ igande honetan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etatik aurrera.

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.