Ei! Berriak

[eiberri.eus] EH Bilduk elkartasuna helarazi die Eibarko egoitzetako langile eta senideei

Segurtasun materialen eza eta dagoen prekarietatea ere salatu dute
Eibarko Egogain egoitza

EIBAR.- Covid-19 osasun krisi honetan Eibarko EH Bilduk Egogain eta San Andres egoitzetako langile eta senideei beraien elkartasuna adierazi nahi izan dute «oso egoera larriak ari dira bizitzen Eibarko nagusien egoitzetan. Segurtasun material eta protokolo faltan, langileria gutxiago egoiliar gehiago artatzeko… Une latz hauetan, gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu bi egoitzetako langile, egoiliar eta senideei» azaldu dute.

Horretaz gain, EH Bildutik azaldu dutenez «Covid-19 osasun krisiaren foko nagusienetarikoak pertsona nagusien egoitzak izaten ari dira. Gipuzkoan, Covid-19ak eragindako 10 pertsona hildakoetatik, 7, egoitza hauetako nagusiak dira. Oso zenbaki gordinak. Errealitate are gordinago bat azalaratzen dutenak. Gipuzkoako Foru Aldundiko eskumeneko pertsona nagusien egoitzek hainbat murrizketa pairatu dituzte azken urteotan.  Ratioen handitzea, azpikontratazioa, prekarietatea… Zaintza lanak gutxietsi ditu Aldundiak eta orain ari gara guzti horren ondorio latzak gure begi ikusten. Aspaldi salatu dituzte langileen sindikatoek egoitzetan jasaten ari diren murrizketak, baita EH Bilduk ere. Egun hauetan, ohikoa bilakatu da sare sozialen bitartez egoitzetako langileak segurtasun material eta laguntza eske ikustea. Non dago Gipuzkoako Aldundia? Egoera hau jasanezina da».

EH Bilduk salatu egin du ere segurtasun materialen eza «osasun krisialdi honetan konfinatuta hilebete baino gehiago daramagun honetan, ez Egogain ez San Andresen ez dute segurtasun material nahikorik eta herritarren elkartasunera jo behar izan dute, Aldundiak ez dielako material nahikorik bermatzen. Gaur bertan, hilebete beranduago, egingo dizkiete test azkarrak Egogaingo langile eta egoiliarrei. Oso berandu dator neurria, baina hau izan behar da bidea, segurtasun protokoloak ondo betetze aldera».

Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu lehen unetik ari da pertsona nagusien egoitzek bizitzen ari diren krisi latz honen jarraipen estua egiten eta behar diren baliabide guztiak exijitzen «gure nagusiek zaintza askoz duinago bat merezi dute, eta zaintza lanetan dabiltzaten profesionalek gizarte eta instituzioen babes osoa izan behar dute. Egoera hauek ezin dira errepikatu gizarte aurreratu batetan eta krisialdi honek paradigma aldaketa bat suposatu beharko luke. Ikasiko ote dute batzuk honetatik? Aurrera egoitzak. Aurrera San Andres eta Egogain!»

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.