[eiberri.eus] ‘Baserrikoa Debabarrena’ ekimena jaio da, tokiko eta garaiko produktuak bultzatzeko

  • 3
    Compartidos
Helburu nagusia baserriko produktuak eta landa eremua gizarteratu eta horien inguruan sentsibilizatzea da
Gaur goizean aurkeztu da ekimen berri hau

EIBAR.- Gaur goizean ‘Baserrikoa Debabarrena’ ekimena aurkeztu da Eibarren. Ekimen honen bitartez, eskualdeko  denda txikietan, Debabarreneko baserrietan ekoiztu eta eraldatutako produktuen presentzia sustatu, areagotu eta ikusgai egitea nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileei produktu horiek era errazagoan eskuratzeko aukera eskaini.

Aurkezpenean Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko saileko zinegotzia eta Agurtzane Etxaniz eta Amaia Esnaola Debemen elkartearen ordezkariak izan dira, baita ekimenean parte hartuko duten Debabarreneko hainbat baserrietako ordezkariak ere. Baserrikoa Debabarrena proiektua DEBEMEN, Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin abian jarritako ekimena da eta tokiko eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatzea du helburu nagusia.

Alberto Albistegui zinegotziaren hitzetan, «Baserrikoa Debabarrena ekimenak baserriko produktuak balioan jartzea bilatzen du herrietako denda txikietan identifikazioa hobetuz eta, aldi berean, herriko merkataritza bultzatuz».

Halaber, Debemen elkarteko Agurtzane Etxanizek adierazi duenez, «merkatarien eta baserritarren arteko harremana estutzeko lan egiten dugu, beraien arteko elkar ezagutzaren bitartez gertuko, garaiko eta kalitatezko produktuak kontsumitzaileengana hurbiltzeko asmoarekin».

Aurreko urtean, egitasmo horren berri eman zuten eta gaurko aurkezpenean orain arte, Eibarko Udalaren laguntzari esker, eman diren aurrerapausoak aurkeztu dituzte: baserritar eta dendarien arteko topaketa, baserritar eta merkatarien arteko elkar ezagutza bultzatzeko; www.baserrikoa.eus web gunearen eguneraketa, baserriko produktuak saltzen dituzten denda txikien zerrenda barneratu da eta gailu mugikorretan ikusteko moldatu: proiektuarekin identifikatzen den ezaugarria jarri da ekimenarekin bat egin duten 36 dendetan; eskualdeko produktuen identifikazioa dendetan.

Dendetan aurkitu daitezkeen produktuen artean barazkiak, frutak, ogia, gazta, arrautzak, marmelada, sagardoa eta txakolina daude. Eibarren, ekimenarekin bat egin duten 15 dendetan jarri da proiektuarekin identifikatzen den ezaugarria: Aizpiri, Bolintxo, Artamendi harategia, Mugika harategia, Oberena harategia, Rezola harategia, Isasi Mgusta, Itxesi, Izar bide, Legarre, Maria Ospitxal, Isasi okindegia, Tarte gozo-denda, Txaltxa-zelai eta Zabaleta.

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.