[eiberri.eus] Amaitzear da hizkuntza ohiturak aldatzeko ‘EusLiderrak’ egistasmoaren II. fasea

Elgoibarko DBH3ko 130 ikasle inguruk parte hartu dute, eta 6 eusLider-talde jarri dira martxan
Elgoibarko DBH3ko 130 ikasle inguruk parte hartu dute

ELGOIBAR.- 2020/21 ikasturtean, Elgoibar ikastolak, Elgoibarko BHI institutuak eta Elgoibarko Udalak, Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren elkarlanean, joan den ikasturtean martxan jarritako eusLiderrak egitasmoari jarraipena eman diote eta 2. fasea gauzatu dute. Helburua DBH3ko ikasleen artean euskararen erabilera informala sustatzea izan da. Egitasmo ziklikoa da eusLiderrak, eta oraingo honetan, lehendabiziko fasean egindakoak erabileran eraginik izan duen ala ez aztertu da. Horiek horrela, azterketa hori egin da, eta txikia izan arren, igoera egon dela ikusi da.

Hizkuntza ohiturak aldatzeak, beste edozein ohitura aldatzeak bezala, ahalegin bat eskatzen du. Baina aldaketa hori modu atsegin eta dibertigarrian egin daiteke. Horretarako, garrantzitsua da aldaketa pausoz pauso ematea, unean uneko helburu lorgarriei eutsiz, eta, parte-hartzaileen interes arlo eta motibazioetatik ahalik eta gertuen. Ikerketek erakutsi dute badirela gazteen hizkuntzarekiko portaera aldatzeko bideak. Zigorrik erabili gabe, norberak, borondatez egin dezake aldaketa.

EusLiderrak egitasmoaren 2. faseko 3 saioak 2021eko urtarrilean eta otsailean egin dira. Elgoibarko DBH3ko 130 ikasle inguruk parte hartu dute, eta 6 eusLider-talde jarri dira martxan. Helburua gazteen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera informala bultzatzea izan da.

Elgoibarko Institutuan, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, bertako arduradunekin adostuta, ikasturte bukaeran egin ohi den Ekintza Sozialik ez egitea erabaki dute.

Elgoibar Ikastolan saioak on-line eskaini dira, eta Ekintza Soziala kalean egitea ezinezkoa denez, Ikastolan bertan egingo dute. Ikasleen zaletasunak kontuan hartuta, euskara ekintza dibertigarriekin lotzea izan dute helburu, erabilera bultzatu eta testuinguru akademikotik harago eramateko asmoz. Gauzak horrela, saio praktikoan diseinatutako ekintzak garatzen hasi dira bi eusLider talde. Taldeetako batek, umorea izan du ardatz, telebistako iragarkiak era dibertigarrian bikoiztuz; eta besteak, aldiz, asmakizun lehiaketa bat diseinatu du, bertsoen bitartez. Partaideek, Ikastolako DBH3ko ikasleek, bertsoak entzun, eta horren atzean dagoen hitza edo kontzeptua asmatu beharko dute.

Hiru sari izango dira: Elgoibarko dendetan erosteko 60 euroko 3 bonu eta 3 kultur-gonbidapen (3 kultur ikuskizunetara joateko sarrera bikoitzak).

Badira Ikasleek osaturiko bi euslider talde, datorren ikasturtean ere, euslider izaten jarraitzeko nahia adierazi dutenak, eta hori poztekoa da antolatzaileentzat.

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.