Argazkiak aurkezteko azken eguna irailaren 9an izango da

ERMUA.- Oporrak bukatzen ari dira eta ‘Ermuan Bagara’ Ermuko Euskaltzaleen Sareak oporretan ateratako argazkiak behar ditu aurtengo lehiaketarako. Argazkietan Ermuan Bagararen materiala izango da protagonista: kamisetak, poltsak, agendak, txapak, kartelak…
Berdin dio argazkia non ateratakoa den, helburua elkartearen arropa edo materiala modu irudimentsuan eta originalean erakustea da.”Jantzi Ermuan Bagarako materiala eta atera ezazu argazki bat oporretan, sari ederra lor dezakezu!” animatzen dute elkartetik.
Parte hartzen duen pertsona bakoitzak argazki bakarra aurkeztu ahalko du; ez dira argazki gehiago onartuko. Argazkiak antolatzaileei helarazteko hiru bide daude:
- Ermuan Bagara Ermuko Euskaltzaleen Sarearen Facebook orrialdearen bitartez
- ermukoeuskaltzaleensarea@gmail.com helbide elektronikoaren bidez
- 649 75 51 87 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidaliz
Edozein modutara bidalita ere, izen-abizenak jarri beharko dira. Irabazleak 100 euroko afaria eskuratuko du sari gisa.
Argazkiak aurkezteko epemuga irailaren 9a izango da, igandea.