Bere lehenengo urratsak ere Eibarren eman zituen proiektu honek, «Eibartarren Ahotan» proiektuaren eskutik

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko sortu zen Euskal Herriko Ahotsak, Badihardugu euskara elkartearen eskutik. Hasiera-hasieratik elkarlanean bideratutako proiektua izan da, hainbat elkarte, ikerlari, boluntario eta erakunderen parte-hartzearekin, Ahotsak-eko lagunen leloa jarraituz, «guztion artean, guztiontzat«. 2003an hasi zuten euren jarduna (elkarrizketak eginez, datu-basea antolatuz,…) eta 2008az geroztik jasotako material guztia Ahotsak.eus webgunean bistaratzen dute. 8.000 elkarrizketa inguru, Euskal Herriko 350 herritan egindakoak, 50.000 bideo-pasarte sarean kontsultagarri, eta milaka eta milaka ahots guztion eskura.
Eibarrekin eta Ego Ibarra batzordearekin harreman estua duen egitasmoa
Eibarko herriari eta Ego Ibarra Batzorde honi estu lotutako egitasmoa da, gainera, Euskal Herriko Ahotsak. Izan ere, 90. hamarkada amaieran Deba Ibarrean martxan zeuden hainbat ikerketa eta bilketa-proiektu izan ziren Ahotsaken abiapuntua, besteak beste Bergaran egiten ari zirenak (Juan Martin Elexpuruk, Jaione Isazelaiak, eta abarrek) eta Ego Ibarra Batzordeak bideratu zuen Eibartarren Ahotan egitasmoa.
1999-2002 bitartean sortu eta antolatu zen Eibartarren Ahotan proiektua, Eibarko ahozko ondarea, memoria historikoa eta euskara jasotzeko helburuarekin jaiotako proiektua, oraindik ere bizirik dagoena. Urte haietan 200 elkarrizketatik gora egin zitzaizkien Eibarko edadeko lekukoei, eta ahozko ondarea jaso eta katalogatzeko metodologia zehatza garatzea ere lortu zen. Orain dela 20 urte inguru ereindako haziak eman du fruturik eta, gaur egun, Euskal Herriko Ahotsak proiektua erreferentzia bihurtu da mundu mailan egiten diren antzeko bilketa-lanentzat.


