Ei! Berriak

Eibartarrek musikatutako danborrada Sanferminetan

Eibarko Ustekabe txarangak Donostiako Bar Antonio danborradarekin parte hartuko du Iruñean

 Goizeko 11etan hasiko da donostiar giroko festa, Gazteluko Plazatik abiatuta

EIBAR | Gerriko eta zapi gorria arropa txuriaren gainean jantzita, danbor hotsak entzungo dira ostiralean Iruñeako Sanferminetan, nafar doinuak eta Sarriegiren melodiak tartekatuz. Izan ere, bigarren urtez, Donostiako Bar Antonio konpainiak eta Eibarko Ustekabe Txarangak danborrada egingo dute Iruñerrian. 

Goizeko 11etan hasiko da donostiar giroko festa, Gazteluko Plazatik abiatuta. Sarriegiren doinu ezagunenak entzungo dira mundu osoan ospetsuak diren Iruñeko jai nagusiko hirugarren egunean, baina ez horiek bakarrik. “Donostiako Danborradako kantutegia zurruna izan ohi da, errespetatu egiten da San Sebastian Egunean. Data eta agerlekua aldatuta, ez dago lekuz kanpo bestelako doinuak ere sartzea, eta halaxe egingo dugu. Batetik, Sanferminetako doinu ezagunak interpretatuz eta danbor eta barrilekin fusionatuz eta, bestetik, bestelako doinu ezagunekin ere jaigiroa sortuz”, adierazi dute Ustekabe txarangakoek. 

Bar Antonio 1990ean sortutako danborrada konpainia da, nahiz eta kide askok aurretik Copco-ko danborradan parte hartzen zuten. Sukaldariz jantzita irtetzen dira kide guztiak San Sebastian egunean, baina zapi gorria gehituko diote Iruñeako festarako. “Gastronomia eta musika ere jai guztietako osagai izaten dira eta halaxe arituko gara”, diote txarangako musikariek. 

Danborrada honek Ustekabe txarangarekin egindako ibilbidea ez da berria, izan ere, Ustekabe txarangak 2014tik honako jai guztietan jarri dio musika Bar Antonio danborradari. Eta, Donostian bezalaxe, 2019an Iruñean ere elkarrekin hartu zuten parte. 

HERRIZ HERRI | Eibarko Ustekabe txarangak Covid-19aren izurritea baliatu du, kalean aritzerik izan ez duen bitartean, “Eibarko Kantak” bere estreinako diskoa grabatzeko. Lan horretan, Eibarko doinu zaharrei erritmo eta estilo berriak sartu dizkiete. “Gure aiton-amonen kantu zaharrak hartu ditugu eta beste dimentsio bat eman diegu, kultura desberdinak besarkatuz eta erritmo anitzak landuz. Gainera, kantuetako batek badu Sanferminetako giro nabarmena”, azaldu dute. 

Diskoa abenduan aurkeztu ondoren, aratosteetatik hona erritmo betean dabiltza eibartarrak. “Batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan ari gara, bazegoen kale asko berreskuratzeko gogoa, giroa piztekoa. Oso pozik gaude, bi urte luzeren ondoren, herriz herri izaten ari garen harrerarekin”, eskertu dute. Azken egunotan, besteak beste, Eibarren, Zumaian eta Zarautzen aritu dira. Aurki Soraluze, Arrieta eta Derio bisitatuko dituzte. 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.