Ei! Berriak

«Eibarko Udalaren aurkako sententziak hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan sakontzen du»

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak Eibarko Udalari prozedura judiziala azkeneraino eraman dezala eskatu diote.

LAB sindikatuak ere salatu egin du langileen gehiegizko behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko egonkortze-prozesua ezin dela izan euskararen kaltetan

Pasa den astean jakin izan zen Eibarko Udalaren aurkako sententzia

EIBAR| Pasa den astean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak Eibarko Udalaren aurkako sententzia dela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak babesa agertu diote erakundeari eta adierazi dutenez  sententzia honek hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan sakontzen du

Sententzia horretan udaltzain bat 1992tik hizkuntza-eskakizuna zuen lanpostu baterako euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharretik salbuetsi zieten. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizialean kokatzen du sententzia berri hau. Izan ere, Auzitegia juridikoki eztabaidagarria den 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen da eta, ondorioz, azkenaldian herritarrok jasaten ari garen hizkuntza-eskubideen aurkako doktrina indartzen du.

Sententzia beraren arabera, 2017tik Eibarko udaltzaingoak gutxienez zazpi kexa jaso ditu herritarren hizkuntza-eskubideen urraketei lotuta, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere herritarren hainbat salaketa jaso dira. Kontutan izan behar da kexa hauek errealitatean ematen diren urraketen lagin txiki bat besterik ez dutela ordezkatzen, izan ere, askoz gehiago dira urraketak salatzera animatzen edo ausartzen ez diren herritarrak. Gainera, segurtasun publikoa da hizkuntza-eskubideen bermeak garrantzia berezia hartzen duen arloetako bat, osasungintza era justiziarekin batera. Izan ere, herritarraren hizkuntza-eskubideen urratzeak bestelako gizaeskubideen urraketa eragin ditzake.

Halaber, gogoratu behar dugu administrazio publikoak duela herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra, eta horretarako, ezinbestekoa da langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea. Hori bi modutara egin daiteke: lanpostuei gutxieneko hizkuntza-eskakizunak jarriz, eta jada lanean dauden langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskainiz. Azken honi lotuta, administrazioak bermatu behar du euskara ikasteko eskaintzen zaien formazioaren aprobetxamendu egokia egiten dutela langileek, eta, bestalde, langile publikoek ulertu behar dute beraien lanpostuaren funtzioak egoki betetzeko ezinbesteko formazioa dela. Izan ere, administrazioak ordaindutako euskara ikastaroak aprobetxatzen ez direnean, herritarren zein langileen eskubideak urratu eta baliabide publikoak xahutzen dira.

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak babesa agertu nahi diogu Eibarko Udalari sententziari helegitea jarri eta prozedura judiziala azkeneraino eraman dezan. Era berean, euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egiten diegu legegintzaldi berrian oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten. Zehazki, azken asteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma alda dezaten, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra.

LAB sindikatuaren ustez langileen gehiegizko behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko egonkortze-prozesua ezin da izan euskararen kaltetan

Bestalde LAB sindikatuak ere irmo salatu du sententzia eta bere esanetan ‘beste behin, epaitegi batek funtzio publikoa betetzeko deialdietan euskara eskakizuna ezartzea bazterkeriarekin lotzen du, baina ez ditu auzitan jartzen deialdi horietan bertan ezartzen diren gainontzeko eskakizunak, tartean gaztelera ezagutu beharreko derrigorrezko eskakizuna. Euskara eskatzea baztertzailea da, baina antza gaztelera ezagutzea ez’.

Horrek, sindikatu abertzalearen ustez ‘argi adierazten du auzitegi espainiarrentzat euskara bigarren mailako hizkuntza dela, gaztelerarekiko subalternoa, asko jota meritu gisa kontsideratzen dute. LAB sindikatuak irmoki salatzen du bereizkeria hori eta exijitzen du euskarari gutxienez gazteleraren maila bera aitortzea. Oraingoan euskara-eskakizuna baztertzeko arrazoia 45 urtetik gorako plazadunek duten hizkuntza-eskakizunaren salbuespena behin-behinekoei ere ezarri behar zaiela izan da, bi kolektiboen artean diskriminaziorik ez egoteko helburua argudiatuta. Baina auziaren baldintzengatik argudio horrek balio ez duenean, hizkuntza-eskakizunen ehunekoa gehiegizkoa zela adierazi da, edo, zuzenean, hizkuntza-eskakizunak berak auzitan jarri dira. Unean uneko epaileak argudio bat ala beste erabiltzen ari da, beti ere euskara eskatzea «bazterkeriarekin» lotuz eta honen aurka eginez’.

Administrazioetako langileen gehiegizko behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko egonkortze-prozesua euskararen kaltetan ezin dela izan salatu dute. «Kasu honetan bezala, urte askoan luzatu eta euskara baztertzen zuen behinbehinekotasunarekin amaitzeak ezin dezake eragin euskararen bazterketa egonkortzea. Beste behin salatu beharra dugu ere administrazioko arduradunek ez dutela beraien erantzukizuna betetzen euskara administrazioan behingoz normalizatu dadin. Eta ez soilik zerbitzu-hizkuntza izan dadin, baita ohiko lan-hizkuntza bilaka dadin ere. Izan ere, hori horrela izatea herritarren eta administrazioko langileen eskubidea da» azpimarratu dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime