Ei! Berriak

Eibarko hamaika kantu zaharberritu eta diska batean jaso ditu Ustekabe fanfarreak

Antzinako doinu eta letrak berreskuratu eta bertsionatu ditu estilo eta kultura anitzak besarkatuz

Grabazioaren irudi bat

EIBAR.- Eibarko hamaika kantu zaharberritu eta diska batean jaso ditu Ustekabe fanfarreak, horietako batzuk estilo zeharo berrietara eramanaz. Herriko aspaldiko pertsonaiak, kirolzaletasuna, erlijioa, giro politiko eta soziala, umorea eta kale izendegia agertuko dira diska aurkezteko prestatu duten ikuskizunerako. “Ez da kontzertu hutsa izango. Ikusikizun gisa planteatu dugu, mimo handiz prestatu dugu. Proiektu eibartar peto-petoa egin nahi izan dugu, esentzia horri eutsi, eta hori guztia modu finean aurkeztu”, azaldu dute txarangako kideek. 

Honako abesti hauek entzun ahal izango dira: Arragueta Kalian, Cielito, Eibarko Herria, Forjarien Kanta, Agur Esanda Banua Ni, Himno a Eibar, Eibar Tiene su Entrada, Venid al Pueblo de Eibar, Arrateko Ama, Hiru Gizon Ilustre, eta Suite Eibartarra. Horietatik zazpi interpretazio instrumentalak izango dira, eta gainerako lauretan Eibarko Koro Gaztea izango du lagun txarangak, estilo oso ezberdinak joz. Askotariko estiloak daude, eta publiko guztiak har ditzake, betiko musika gustuko duenak aurkituko duelako, baina horrek aspertzen badu, tradizioari kanabera handia eman dakiokeela erakutsiko diogu.

Gainera, Eibarko gazte gehiagok parte hartuko du ikuskizunean, bai aurkezpen-lanetan, bai ekitaldirako iragartzen dituzten beste sorpresa batzuetan. Gauzatxoak egongo dira, ez musika bakarrik, ikuskizuna osatuko duten ezustekoak. Esperientzia errepikaezina izango da, diote, barre egiteko, zalapartarako, kantatzeko eta dantzatzeko uneak egongo direla gehitzeko, baina baita hunkitzeko ere.

Pandemia osoan egindako lana taularatuko du gaur eta bihar iluntzeetan, Eibarko Koro Gaztea eta herriko hainbat gazterekin elkarlanean

Arratsaldeko aurkezpen ekitaldian Udalbatzako ordezkariak (alkatea eta alderdietako zinegotziak: Jon Iraola, Mertxe Garate, Isabel Fernández Pejenaute, Amaia Albizu eta Patxi Lejardi) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Andoni Iturbe, egongo dira. Bertan izango dira, baita ere, proiektuan lagundu duten Ego Ibarrako Begoña Azpiri eta Nerea Azkarate eta Carlos Sánchez Barba, urte luzez Musika Bandako zuzendari eta Ustekabe taldeko kolaboratzaile izandakoa. Eibarko La Bombonera taldeko kideak ere ez dira faltako: Jon Romarate, Alberto Echaluce eta Roberto Bergara, eta Ustekabe taldeko sortzaile eta urte askoan kide izandakoak ere bai, Mikel Larrañaga eta Ekhi Zugasti, besteak beste.

“Bertsio apurtzaileak egin ditugu”

Abesti tradizionalak berreskuratzeko helburuan, aire berri bat ematea erabaki dute. Betikoa izatea, baina zerbait freskoa izatea, azaltzen dute. Xabier Oruesagasti saxofonista eibartarra izan da proiektuaren zuzendaria, eta berak koordinatu du musika lana proiektu honetan parte hartu duten moldatzaile eta konpositoreekin. Hauek izan dira pertsona horiek: Rakel Arbeloa (Suite Eibartarra, Cielito, Arragueta kalian, Eibar Tiene su Entrada), Jon Viejo (Forjarien Kanta, Venid al Pueblo de Eibar, Hiru Gizon Ilustre), Asier Ardaiz (Agur Esanda Banua Ni, Arrateko Ama) eta Ustekabeko Beñat Etxabe (Eibarko Herria) eta Xabier Oruesagasti bera (Himno a Eibar).

Diskoa non erosi

Abesti hauek zuzenean entzun ahal izango dira gaur arratsaldean eta bihar, ostirala, ordu berean egingo den ikuskizunean. Larunbatetik aurrera, diskoa honako saltokietan egongo da eskuragarri: Amañako Ametsa tabernan; Untzagako Guridi eta quisco Arriola tabernan; Toribio Etxebarriko Confecciones Corral eta Bar Ametsa tabernan; Blas Etxebarriko Helmet Housen; Bittor Sarasketako Zaizoi tabernan; eta Urkizuko quisco Arriola Prentsan.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.