Uztailaren 15ean izango da urteurrenaren festa eta parte hartu nahi duten guztiek txartelak eta gonbidapenak eskuratu beharko dituzte

DEBA| ‘Iturri Ondoan’ euskal kultura ezagutarazteko ekimenak 10 urte betetzen ditu aurten, hau dela eta aurtengo egitaraua urteurrena festa izango da. 10 urte hauetan harreman sare berriak eraiki dituzte, euskaraz eta euskaratik; adin desberdinetako jendea batu dute, inguru diferenteetakoa, pentsamolde anitzetakoa…
1870. urtean, herriguneko iturri publikoek ematen zuten ur-eskasia ikusita, Debako Udalak Arriola haranetik herriko beste toki batzuetara urak eramateko eremua zabaldu zuen, eta horrekin batera, Plaza Zaharreko iturri hau eraiki zuen. «Herritarrei ura ematen jarraitzen du iturriak, baina kultura eta euskara emateko ere baliatzen dugu. Eta dagoeneko 10 urte dira zeregin horretan», agertu du Alazne Txurruka alkateak.
Amaia Zinkunegi Euskara teknikariak azaltzen duen bezala «konbentzituta gaude hau badela euskal hizkuntza komunitatea sendotzeko, harro sentiarazteko eta birsortzeko modu bat. Eta herria egiteko modu bat, baita ere. Debak euskal herri izaten segi dezan bide bat, oholtza gainean zein aurrean daudenak elkarrekin egiten jarraituko dutena. Eta sare hori osatzen joateko, aurtengorako egitarau oparoa sortu dugu berriro uztailerako», azaldu du .
Baina aurten zerbait aipatzekotan urteurrenaren festa da. Uztailaren 15ean ospatuko da, eta parte hartu nahi duten guztiek txartelak eta gonbidapenak eskuratu beharko dituzte Turismo Bulegoan edota Zalburdin tabernan. «Hamargarren urteurrena behar den bezala ospatuko dugu».
Deba beti egon da kultura, euskara eta herritarrekin lotuta, eta hori guztia batzen du Iturri Ondoan egitasmoak, herriko txokorik kuttunenetako batean. Hamar urte nahikoa dira historia osatzeko, eta historia eta istorio horiek herriko erakusleihoetan daude ikusgai, QR kodeen bidez. «Ahazten ez dena ez delako inoiz hiltzen, eta Iturri Ondoan ekimenarekin urte luzez jarraitu nahi dugulako. Herritarrekin eta herritarrentzat osatutako egitaraua osatu da aurten ere, eta herritarrei hitzordua finkatu nahiko nieke: ostiralero, Plaza Zaharreko iturrian izango gara. Iturri Ondoan denok egiten baitutu, antolatzaileek, parte-hartzaileek, ikusleek… herritarrek orokorrean», amaitu du alkateak.