Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortutako bekak Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu

DEBA| Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sorturiko ‘Tene Mujika’ bekak dagoeneko irabazlea du, Alaitz Melgar Agirre irakasle barakaldarra, bere amama zenaren bizitza ikertu nahi duen proiektu batekin.
Bekak Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu, eta aurten aurkeztutako proiektuen artean Melgarrena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du sarituak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
Josefa Aguirre Echeverria 1927an jaio zen Azpeitian. Etxe pobreko garaiko neska asko bezala, neskame joan zen gaztetxoa zela, Donostian etxea zuten espainiar aristokrata batzuen etxera. Horraino, aski istorio ohikoa. Ezohiko osagariak ere baditu historia honek ordea: Ingalaterrara lanera joan izana, haurdun geratzea ezkondu gabe, eta krisi mentalek psikiatrikora eramatea. Isilpean geratzen direnak argira ekarri nahi ditu haren iloba Alaitz Melgar Agirrek, bere partikularrean balio unibertsala ere hartu nahi duen ikerlan honen bidez.
Alaitz Melgar Agirre (Barakaldo, 1984) Ingeles Filologiako gradua eta Berdintasun Masterra ikasitakoa da, lanbidez irakaslea Iralen. Hauxe izango du bere lehenengo liburua.