Usartza taldeko txistulariak ezezik, Elgoibar, Ermua, Deba, Ondarru eta Bilboko txistulariek hartuko dute parte

EIBAR| Datorren apirilaren 27an, Usartza Txistulari taldeak antolatuta, Eibarko IV. Txistu eguna ospatuko da. Azkenengo urte hauetan egin den bezala, zapatuan Eibarko auzoak eta kaleak txistuaren musikarekin beteko dira.
Aurten, Usartza taldeko txistulariak ezezik, Elgoibar, Ermua, Deba, Ondarru eta Bilboko txistulariak etorriko dira. Guztira 50 bat txistulari bilduko dira.
Arratsaldeko 17,00etan Untzagan batuko dira eta jarraian talde bakoitza auzo ezberdinetara abiatuko dira txistuaren doinuarekin kaleak alaitzera.
Auzoetatik ibili ondoren, txistulari guztiak, arratsaldeko 19,00ak inguru Untzaga plazan elkartuko dira eta argazki batzuk egin ondoren erdiko kaleetatik kalejira bat egingo dute 21,00ak arte.
Eguraldi euritsua balitz, kalejira egin beharrean, Untzagako arkupe ezberdinetan, Toribio Etxeberria kalean eta Errebalen joko dute.
Txistulari Eguna herri askotan ospatzen da txistulariak elkartzeko eta txistuaren doinuak zabaltzeko. Gaur egun, Euskal Herria mailan, txistulari kopuruak jaisten dago eta ez gaude onenetariko momentua pasatzen.
Alde horretan, Usartza Txistulari Taldeak Eibarren hainbeste urtetan lortutako harrobia mantentzen eta gehitzen saiatzen da,eta azaldu duten bezala «Txistua Euskal Herriko instrumentu garrantsitsu bat da eta ezin dugu galtzen utzi. Zapatuko emanaldiarekin txistua kalean ikusteaz gain, gurasoak eta umeak animatu nahi ditugu txistua ezagutzeko eta denon artean, Euskal Herriko kulturaren zati bat mantendu eta disfrutatu».


