Udalak eta herriko elkarteek prestatu dute abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra bitarteko programazioa

MALLABIA | Mallabiko Udalak, herriko elkarteekin elkarlanean, gustu eta adin guztietarako ekintzak eskainiko dituen programazioa prestatu du.
Abenduaren 24ko eguna jardunaldi berezia izango da. Goizeko 10: 45ean hasiko da, gabon kantak abestuz, eta, ondoren, udaletxearen atzeko aldean dagoen Gabonetako zuhaitza apainduko da. 12:30ean, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo zaie, haurren eskutitzak jasoko dituzte plazan, eta 18:30ean, euren laguntzaileek opariak banatuko dituzte frontoian.
Tradizioak ere mantenduko dira eta abenduaren 29an Gerea, Arandoño eta Berano auzoak zeharkatzen dituen «Baserriz baserri gabon eskean» ibilbidea izango da. Eta Gabonetako Haur Parkea, urtarrilaren 2an eta 3an irekita egongo da frontoian.
Programazioaren barruan, 2023ko «Skimetraje» film labur sarituen aukeraketa ere badago, baita tenis partidak ere abenduaren 29an, eta Petanka txapelketa 12 urtetik gorakoentzat abenduaren 22an eta domino txapelketa 12 urtetik beherakoentzat urtarrilaren 7an.
Negulekuak
Bestalde, Mallabiko Udalak Negulekuak programa jarri du abian 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, abenduaren 26tik 29ra bitartean. Programa horrek 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako eski-irteera bat ere barne hartzen du, abenduaren 30ean egingo dena.
Ainhoa Mugarza kultura zinegotziak adierazi duenez, «helburua Mallabiko gazteei aisialdirako eta oporraldiaz gozatzeko aukerak eskaintzea da, eta horretarako, Negulekuez gain, Gabonetako programazio zabala prestatu dugu».


