Ei! Berriak

Elgoibarko Bertso eskolak datorren ikasturterako matrikula ireki du

Izena emateko epea uztailaren 26ra arte egongo da zabalik

Oporren ostean, irailaren 2. hamabostaldian, abian jarriko du Bertso Eskolaren ikasturte berria

ELGOIBAR| Udalak, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean, oporren ostean, irailaren 2. hamabostaldian, abian jarriko du Bertso Eskolaren ikasturte berria.

22/23 ikasturtean Bertso Eskolan parte hartzeko, baina, izena eman beharko da, eta horretarako, interesa duenak bere datuak eman beharko ditu Elgoibarko Udalaren Euskara Sailean, telefonoz 943744366 zenbakira deituta, edo emailez euskara@elgoibar.eus helbidera mezu bat bidalita.

Izena emateko epea, bestalde, uztailaren 26ra arte egongo da zabalik.

Datorren ikasturteko saioak 8-16 urte bitartekoentzat izango dira, eta astelehen arratsaldetan eskainiko dira, ordubetez, Aita Agirre kulturgunean. Irakasle lanetan, berriz, Eneko Beretxinaga soraluzetarra arituko da, aurreko ikasturtean bezalaxe.

Bukatu berri den ikasturte honetan, Beretxinaga aritu da Bertso Eskolako irakasle lanetan, eta bi talde izan ditu bere kargu. Bai irakasleak, baita Udalak ere, oso balorazio positiboa egin dute, eta bertso eskola egonkortzeko ahaleginetan jarraituko dute.

Dena dela, Eneko Beretxinagak bertsoarekin duen harremana, nagusiki, hizkuntzaren transmisioarekin lotuta egon da, eta bereziki, bertso-eskolekin, aisialdiarekin eta hezkuntza arautuarekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakaslea baita.

Hori dela eta, Elgoibarko Bertso Eskolako irakasle ez ezik, Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ematen dituen irakaslea ere bada, eta 270 ikasle izan ditu ikasturte honetan bere ardurapean.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.