Klubeko jokalariak, familiak, entrenatzaileak eta kide ohiak bazkari baten inguruan bildu dira urteurrena ospatzeko

KIROLAK | Urbat IKEk bere 25. urteurreneko une berezienetako bat ospatu du larunbat honetan. Urteurren borobil hau mugarri bihurtzeko, klubak bazkari berezi bat antolatu du, eta bertan elkartu dira jokalariak, familiak, entrenatzaileak nahiz kide ohiak. Topaketak 25 urte hauetan Urbaten historia eraikitzen lagundu duten pertsona guztiak berriro elkartzeko eta esperientziak partekatzeko balio izan du.
Ospakizunak, ordea, kirol arlotik haratago joan dira eta festa nahiz kultura izan dira protagonista asteburu osoan zehar. Urbatek bere txosna propioa kudeatu du Agorrafest jaialdiaren barruan. Aipagarria da jaialdi hau Ustekabek antolatu duela, txaranga honek ere bere 25. urteurrena ospatzen baitu aurten, herriko bi elkarteren urteurrenak jai giro berezian uztartuz.


