Ei! Berriak

Txaranga Eguna ospatuko da Eibarren zapatuan «jaien lehen txinparta pizteko»

Eibarko ostalariek, txarangak eta Udalak bat egin dute “San Juan suaren lehen txinparta aurreratzeko”

Ekimena ekainaren 15ean izango da 19:00etatik 21:00etara.
Ekimena ekainaren 15ean izango da 19:00etatik 21:00etara.

EIBAR| Sanjuanak iristear daude eta hasiera emateko bost txarangak Eibarko kaleak alaituko dituzte zapatuan. Zapatu arratsaldea “entzute handikoa” izango da auzo guztietan. Izan ere, txaranga bakoitza hiriko punta batetik hasiko da.

Ekimena Eibarko leku esanguratsuan aurkeztu zuten: Estaziño kalean, dultzaineroaren alboan. Bertan, Eibarko txarangaren, ostalarien eta Udalaren ordezkariek Txaranga Eguna aurkeztu dute, “jaien lehen txinparta” pizteko ekimena, San Juan Sua pizteko astebete baino gehiago falta delarik. Eta txinparta hori auzo desberdinetan piztuko da, txaranga bakoitzak auzo batean joko baitu.

Hala, jaia batera hasiko da erdialdean eta beste lau puntutan: Urkizu, Amaña, Ipurua eta Urki inguruetan. Auzoetan ordubetez aritu ondoren, txaranga guztiak erdialderantz joango dira. Antzeko ekimenak egin ziren 2005 eta 2015.urteetan, Ustekaberen urteurren jaietan. Bi urte horietan egin ziren orain arte bizi izan ditugun txarangen alardeak. Hirugarrenez biziko dugu antzeko jaialdi bat, berriro ere Ustekaberen eskutik, ostalariekin eta Udalarekin elkarlanean.

Prentsaurrekoan parte hartu zuten Eibarko bost inguruetako tabernarik: Eva (Guridi), Rikardo (Laubide), Kity (Su-beroa), Juan Pablo (Zelai-Bide) eta Juan Mari (Manuel); herriko txarangako beste horrebeste kidek: Danel Montero, Asier Rodríguez, Maialen Bravo, Josu Mendicute, Iker Blanco eta Luken Urkiri; eta Patxi Lejardi eta Jon Iraola udal ordezkariek. Guztiek, Eibarko txarangaren kamiseta jantzita eta bisitatuko gaituzten lau txarangen kamisetak eskuan, jendeari kalera irtetzeko dei egin diete, bai auzoetan, bai erdialdean.

Ustekabe Eibarko txarangatik azaldu zutenez, “sanjuanaurrea egin nahi izan dugu, eta horretarako, gure herriaren jai nagusien maila emango duten txarangak ekarriko ditugu”. Euskal Herrian txaranga gehien dituen udalerria Tolosa da, eta hango talde bat etorriko da (Kalean), baita Donostiako txaranga (Joselontxos), Elgoibarkoa (Mauxitxa), Ermukoa (Irulitxa) eta Eibarkoa (Ustekabe). “Ondo jotzen duten txarangak dira, badakite zer den Eibarren aritzea eta ibilbide oparoa izan dute”,

Ostalaritza sektoretik, Eva Gisasolak adierazi zuenez, jaietako jarduerak San Juan egunaren bueltan pilatuta zeuden. Horren aurrean, hainbat tabernarik komentatu zuten aurreko astean ere zerbait egiteko aukera, eta Ustekaberekin harremanetan jarri ziren, Eibarko txarangak hartuz koordinazioaren ardura. Udalaren aldetik, Jon Iraola alkateak ez du baztertu urtero ekimena jarraitzeko aukera, oso positiboki baloratuz Ustekabek antolatutako hirugarren txarangen alardea.

2000.urtean sortu zen Ustekabe, Musika Eskolako hainbat ikasleren eskutik. Ordutik hona, dozenaka eibartar gazte pasa dira fanfarreatik. Gaur egun 20 kidez osatuta dago, horietatik 15 eibartarrak direlarik. 2005ean eta 2015ean txaranga egunak antolatu zituen gure herrian, eta 2021ean, berriz, “Eibarko Kantak” aurkeztu zuen, eibarko hamaika kantu herrikoi jaso eta berritzen dituen diskoa. 2012tik hona, urtero, musika eskolako ikasleak prestatu eta eramaten ditu Sanjuanetako haurren danborradara.

“JAIEN SUKARRA”

Ekimen honen bidez, herriko inguru desberdinak animatu nahi dira, eta baita inguruko udalerrietatik jendea erakarri. “Giro ona sortu nahi dugu eta giro eibartarra. Hori dela eta, bost txarangok elkarrekin musika eibartarra ere joko dugu, tartean, Venid al Pueblo de Eibar kalejira (Eibarko Kantak diskoan jasotakoa) edo EH Sukarra. Jaigiroaren sukar horrekin kontajiatu nahi ditugu guztiak”.

Gainera, egun berean herriko koadrila asko Unben izango dira, IPQ koadrilak antolatutako futbol txapelketan. Antolatzaileak eta Ustekabe koordinatzen ari dira bi ekimenen amaierek bat egin dezaten, biei ere amaiera borobila emate asmoz.

Horrela, giro polita espero da zapatuan Eibarren. “Bost txaranga ez dira egunero elkartzen. Uste dugu zerbait handia izango dela, jendeak ondo pasako duela”. Ekimena ostalaritza sektorearena izan da, Ustekabe txarangak koordinatu du eta Udalak diruz lagundu. Hiru elkarteetako ordezkariek dei egin dute kalera irten eta ondo pasatzera, eta jaiak umorez eta errespetuz bizitzera.

TXARANGAK: Ustekabe (Eibar), Mauxitxa (Elgoibar), Irulitxa (Ermua), Kalean (Tolosa) eta Joselontxos (Donostia).
EKIMENA: larunbata, ekainak 15, 19:00etatik 21:00etara.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime