Ei! Berriak

Markos Gimenoren «101 letrakartel», Ermuko Ezekiel Etxebarria sariaren irabazlea

Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da

Markos Gimeno
Markos Gimeno ermuarrak bere bizitza sorkuntzara bideratu du. ARGAZKIA: Ermuko Udala

ERMUA| Markos Gimeno ermuarraren ‘101 letrakartel’ idazlanak jasoko du aurtengo XVII Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria, azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan baita.

Saritutako lan honetan, Markos Gimenok utzitako lanetatik, Joseba Sarrionandiak idazleak aukeratutako 101 palindromoen interpretazio grafikoa biltzen da. Liburua, beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazioa da eta horri esker Markos Gimenoren obrarako hurbilpen sakona eskaintzen du.

Markos Gimeno Vesga oso ezaguna da Ermuan eta gure inguruan. 1974ko maiatzaren 5ean jaio zen Ermuan, eta bere bizitza sorkuntzara bideratu du. Musika alorrean, The Pepes, Julio Kageta, Dantzut eta, azkenik, PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeetako partaidea izan zen, baxua eta ahotsa. Antzerkia ere egin zuen, Juanma Rodriguezekin batera, Hipo y Condrias y Macho-Maris. Markos Gimenoren bizitza eta obra oso interesgarriak dira zentzu askotan, eta denok ezagutu beharko genuke. Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du, eta burmuinarentzako joko bat. Gainera, euskal komunitate duin, alai eta sortzaile baten parte sentiarazten gaitu.

Sari honek idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, irakurleek eurek saria ematea da garrantzitsuena, nolabait irakurlea eta idazlearen artean zubia eraikitzen baita. Oraingo honetan, ekitaldia liburutegiko Irakurketa Klubaren baitan izango da, Lobiano Kultur Gunean, apirilaren 14an 20:00etan. Bertan Joseba Sarrionandia idazlea izango dugu eta aukera izango dugu berarekin Markosen inguruko pasarteak konpartitzeko.

Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria duela hamazazpi urte sortu zen eta orain artean Jon Maia, Karmele Jaio eta Kirmen Uribe (bi bider), Irati Jiménez, Katixa Agirre, Antton Irusta, Eskarne Mujika, Ladrón Arana, Jasone Osoro, Marc Armspach «Marko», Amets Arzallus/Ibrahima Balde, Esther Lopez Epelde, Fernando Morillo eta Jon Arretxe izan dira saridunak. Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta berak Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.