Ei! Berriak

‘Ketariatik mundura’ nanopastorala datorren igandean Arraten

Ekainaren 2an, 13:00etan Arraten izango da Zuberoako pastoralen eredura baina formato txikian

2023-09-17_Getaria-nanopastorala_argazkia-OierAraolaza
Getarian izandako nanopastoralaren emanaldia. Argazkia: Oier Araolaza

EIBAR| Mixel Etxekoparrek idatzi eta Etxekopar bera Jean Kristian Galtxetabururekin batera musikari dela eta Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori kantari, aktore eta dantzari direla Ketariatik mundura nanopastorala eskainiko dute datorren ekainaren 2an, 13:00etan Arraten (Eibar). Zuberoako pastoralen eredura baina formato txikian, edo hobe esanda, nanoan, aurkezten du Hebentik-ek honako hau: bi musikari, hiru kantari-dantzari-aktore eta ordubete pasako iraupena.

Elkanoren mundubira

Juan Sebastian Elkano marinel getariarra eta lehen mundubiraren inguruan idatzi du pastoral hau Mixel Etxekoparrek. Bidaiaren argiak eta itzalak gogoan izan ditu Etxekoparrek, abenturaren tamaina, aniztasunaren lilura, kolonizaziorako lehen urratsa… Historia txatalak, fikzioa eta mitologiarekin nahasten dira kontakizunean.

Artista boskotea

Artista talde txiki baina dohaitsua osatzen du nanopastorala eskaintzen duen boskoteak.
• Mixel Etxekopar musikari, kantari eta bertsolaria, hainbat ekitalditan eta diskatan parte hartu du, Ederlezi pastorala zuzendu zuen eta besteak beste Euskal Barrokensemblerekin ere aritzen da azken urteotan.
• JKristian Galtxetaburu soinujolea da eta Etxekoparrekin batera Etxetaburu diska grabatu du berriki.
• Maika Etxekopar kantari eta aktore moduan aritzen da, Amaren Alabak taldean aritu zen Ihitz Iriartekin, Euskal Barrokensemblerekin ere aritzen da kantuan eta aktore bezala Le Petit Théâtre de Pain eta Bonbon Beltz konpainiekin taularatu ditu lanak.
• Ihitz Iriartek Bidador pastorala zuzendu zuen eta berriki Julia Fernandez Pastorala gidatu du, Iruinkokoa plantan jartzearen arduradunetako bat izateaz gainera.
• Beñat Larrorik aurten taularatuko den Ligetx koblakaria(k) pastorala idatzi du, bere kideak bezala hainbat pastoral eta ikuskizunetan parte hartzeaz gainera.

Itsasoa eta Arrate

Itsasoa eta marinelen munduarekin lotutako kantu, antzerki, musika eta dantza ikuskizuna da Ketariatik mundura, eta Arraten ere eutsiko dio itsasoarekin lotura horri. Arratetik itsasoa ikusten dela eta itsasotik Arrate ikusten dela ikasten dute eibartarrek umetatik, eta are gehiago, bizitza Arratetik datorrela, hain zuzen ere itsasontziz, Arrateko elizako sabaitik zintzilik dagoen ontziari esker.

Deportiboak 100 urte

Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrena ospatzen da 2024. urte honetan eta horren aitzakian Klubeko Eguna bihurtuta dagoen garai bateko Finalista Egunaren testuinguruan eskainiko da Arraten nanopastorala, mendi-ibilaldi, pilota partida, soka-dantza, domina banaketa eta jolas artean.

Datuak

• Nanopastorala: Ketariatik Mundura.
• Data: 2024ko ekainaren 2an, 13:00etan.
• Tokia: Arrate (Eibar), gurutzean.
• Eguraldiak lagunduko ez balu elizaren arkupeetan, 13:30ean.
• Musikariak: Mixel Etxekopar eta JKristian Galtxetaburu.
• Aktoreak: Ihitz Iriart, Maika Etxekopar, Beñat Larrori.
• Ekoizpena: Hebentik.
• Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboa.
• Laguntzailea: Eibarko Udala.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.