Senior B eta Emakumezkoen taldeek garaipen baliotsuak lortu dituzte

KIROLAK | Urbat IKEko taldeek jardunaldi borobila eta lehiatua osatu dute berriro ere, kategoria guztietan euren maila erakutsiz. Garaipen argiak, borroka estuak eta gazteenen hazkundea izan dira asteburuko ardatz nagusiak.
Jardunaldia ostiralean hasi zen modu ezin hobean. Senior B taldeak erakustaldia eman zuen etxean, Náutica Portugalete B taldeari 15-7 irabazita. Hasiera-hasieratik nagusi izan ziren eibartarrak, joko sendoa eta eraginkortasun handia erakutsiz.
Larunbatean, Senior Emakumezkoen txanda izan zen. Jokalari garrantzitsu batzuen hutsunea igarri arren, taldeak nortasun handia erakutsi zuen Lauroko igerileku zailean. Partida gogorra izan zen, baina azkenean 9-11ko emaitzarekin garaipen txalogarria lortu zuten, hiru puntu garrantzitsu poltsikoratuz.
Gazteenek ere protagonismo handia izan dute. Benjamin-Alebin taldeak Errioxara bidaiatu zuen IV. Benjamin-Alebin Waterpolo Txapelketan parte hartzeko. Maila bikaina erakutsi ondoren, hirugarren postuan amaitu zuten txapelketa. Emaitzaz harago, esperientzia honek taldearen bilakaera positiboa berresten du.
Zorte gutxiago izan zuen Hiru Urak kadete emakumezkoen taldeak. Leioa WT indartsu baten aurka jokatu zuten etxean eta, ahalegindu arren, bisitariak nagusi izan ziren (3-24).
Asteburuko partidarik zirraragarriena Jubenilek jokatu zuten igandean WP Navarraren aurka. Neurketa oso berdindua izan zen eta 7-7ko markagailuarekin amaitu zen denbora arautua. Garailea penalti jaurtiketetan erabaki zen, eta han nafarrak zertxobait finago ibili ziren (2-3).
Azkenik, Senior A taldeak Madrilera bidaiatu zuen Real Canoe mitikoaren aurka jokatzeko. Urbatekoek hortzak erakutsi zituzten igerileku historikoan eta partida txukuna jokatu zuten, baina etxekoek euren nagusitasuna ezarri zuten azkenean, markagailua 12-6 utziz.


