Ei! Berriak

Filmak, solasaldiak eta musika Eibarko Udako ikus-entzunezko astean

Arrate Kultur Elkatearen eskutik uztailaren 2tik 4ra ekitaldi ezberdinak egongo dira

el mundo en bicicleta
Gaurko «El mundo en bicicleta» filma eta solasaldiarekin hasiko da programazioa

EIBAR| Arrate Kultur Elkarteak udako ikus-entzunezkoa antolatu du aste honetarako Eibarren. Horrela, gaurtik aurrera ekitaldi ezberdinak izango dira Eibarko San Andres elizako klaustroan.

Egitaraua:

  • Uztailak 2: 22:00etan «El mundo en bicicleta» solasaldia eta filma.
    «El mundo en bicicleta» filmak Andoni Rodelgo eta Alice Goffart bi seme-alabekin, Maiarekin (2007/12) eta Unairekin (2011/10), bizikletaz munduan zehar egindako bidaia kontatzen du. Abentura honek hiru urte iraun du. Pedalei eraginda, familia horrek abentura horri ekin zion berriro, leku, kultura eta bizimodu gehiago ezagutzeko asmoz, betiere bidean aurkitzen zituzten esperientzia eta bizipen berrietara irekita. Guztira, 65.000 kilometro egin dituzte bost kontinenteetan zehar (2.000 kilometro umeekin). Bidaian zehar milaka argazki filmatu eta bildu dituzte esperientzia eta pasadizo ugarirekin, eta horiei buruzko informazio zehatzagoa aurki daiteke www.mundubicyclette.be.
    Itzulitakoan, film bat egiten ahalegindu dira, abentura hori nahi duten pertsona guztiekin partekatzeko. Trebetasuna bera alde batera utzita, lan honen bidez, munduan zehar bizikletaz bidaiatzeko esperientzia eta munduko kultura ezberdinen bizimoduei buruzko hausnarketa partekatzera gonbidatu nahi dute
  • Uztailak 3: 19:30etan «ZtandaP» Mirari Martiarenak eta Idoia Torregarai, umorezko binakako bakarrizketa.
    “Bakean Dagoena Bakean Utzi” eta «Luze edo Motz» emankizun arrakastatsuen haritik, «ZtandaP» ikuskizun honetan ere Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik generoa hartuko dute umoregai eta eguneroko gaiak lehertzen saiatuko dira betaurreko moreak jantzita. Horretarako orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta elkarbizitza izango dituzte hizpide, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak eztanda arazteko prest daude!
  •  Uztailak 4: Markos Gimenoren «KarteletraK»
    Markos Gimenoren euskarazko palindromoetan oinarritutako kartelen erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 26tik uztailaren 7ra TOPALEKUAn . Karteletako batzuk Markosek berak diseinatu zituen. Baina, orain, bere lagun asko eta dozenaka euskal artista elkartu dira Markosen palindromoak kartel formatuan ilustratuz. Era berean, Esteban Montoriok diseinaturiko eta Joseba Sarrionandiak glosatutako bilduma jaso dute Markos Gimenoren 101 letrakartel liburuan. Zuzenean proiektatutako irudiz lagunduta, gure hizkuntzan, modu ezberdin eta artistikoan murgildu eta Markosen obra erreibindikatzeko, uztailaren 4an programa oparoa antolatu dute:
  • 19:30ean solasaldia: Joseba Sarrionandia eta Jokin Azpiazu.
    Markos Gimenoren unibertsoan murgiltzeko, Joseba Sarrionandiak erakusketako sormen prozesuez eta bitxikeriez hitz egingo du, eta Jokin Azpiazu musikari eta sortzaileak, ostera, lagun eta taldekidearen ikuspegia ekarriko dizkigu.
  • 22:30ean Mursego eta Dodoma, musika eta irudiak zuzenean
    «Markos Gimenoren karteletrak» erakusketan ikusgai dauden karteletan eta palindromoetan inspiratutako emanaldian, kontzertua eta zuzeneko irudi proiekzioa eskainiko dituzte, Maite Arroitajauregi konpositore eta Maialen Belaustegi artista bisualak, erakusketaren muinarekin bat eginez.
    Palindromoen gaia bera ezezaguna eta berria irudituko zaio askori. Hala ere, oraintxe betetzen da euskarazko palindromoen lehenengo lehiaketaren mendeurrena, Euzkadi egunkarian egin baitzen 1923ko abenduaren 16an hasi eta 1924ko otsailaren 29ra arte, Ebaristo Bustintza “Kirikiñok” antolatua, eta palindromogile nabarmenena Bernardo Otxolua mundakarra zela. Markos Gimenoren bizitza eta obra oso interesgarriak dira zentzu askotan, eta denok ezagutu beharko genuke. Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du, burmuinarentzako joko bat. Eta, gainera, euskal komunitate duin, alai eta sortzaile baten parte sentiarazten gaitu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime