Izen-ematea maiatzaren 4an irekiko da eta berrikuntza nagusiak dakartza

ELGOIBAR | Datorren ikasturteko Eskola Kiroleko izen-ematea maiatzaren 4an irekiko da Elgoibarren eta 22ra arte egongo da zabalik. Aldaketa hori ez da bakarra: ikasturte berriak hobekuntza garrantzitsu batzuk ekarriko ditu, bai ekonomikoki bai programari dagokionez.
Iraupenerako dagokionez, Elgoibarren Eskola Kirola urrian hasten zen orain arte. Hurrengo ikasturtean, aldiz, irailaren 14an hasiko da eta ekainaren 19an bukatuko da. Bi aste gehiago, beraz, haurrek kirola egiteko eta taldekideekin gozatzeko.
Prezioari dagokionez, aldaketa are nabarmenagoa da. 112 eurotik 60 eurora jaitsiko da urteko kuota, ia erdira. Gainera, gizarte izaerako laguntzak jasotzen dituzten familiek %70eko deskontua izango dute eta urteko 18 euro baino ez dute ordainduko, kirol heziketa are irisgarriago eginez.
Programari dagokionez, talde bakoitzak astean zehar bi saio izango ditu eta, hilero, bi larunbatetan topaketa eta jardunaldi desberdinak antolatuko dira, egunerokotasunetik haratago kirol esperientzia aberasgarriagoa eskaintzeko.


