Kalamua mendiaren tontor inguruan Herri Eskolako zein Ikastolako haurrek landatuko dituzte

ELGOIBAR.- Datorren martxoaren 22an Zuhaitzaren Eguna ospatuko da eta horren harira, Elgoibarko Udalak Zuhaitzaren astea antolatu du herriko ikastetxeekin elkarlanean.
Gauzak horrela, martxoaren 15tik 18ra, aipatu bi ikastetxeetako haurrekin zuhaitz landaketa egingo da Kalamua mendiaren tontor inguruan. Guztira 25 ume inguruko 7 taldek hartuko dute parte (Herri Eskolako 3 talde eta Ikastolako 4 talde) eta guztien artean 100 bat haritz eta pago landatuko dituzte.
Egungo osasun egoerari erreparatuz, ikastetxeetako burbuilak mantendu eta haurrak beraien artean nahas ez daitezen, landaketa egutegi bat osatu da. Horri jarraiki talde bakoitza ordu tarte eta egun jakin batean arituko dira landaketa lanetan. Esate baterako, Ikastolako haurrek astelehen, astearte, asteazken eta ostegun arratsaldean egingo dute zuhaitz landaketa eta Herri Eskolakoak, aldiz, astearte, asteazken eta ostegun goizean.
Landaketaren helburua herriko landa ingurunea bizirik mantendu eta indartzea da eta, bereziki, haurrengan ingurumenarekiko errespetuaren eta zaintzaren balioak txikitatik piztea, horren inguruko kontzientzia, sentsibilitatea eta balioak gara ditzaten eta etorkizunean natura zein Elgoibarko ingurune naturala zaindu eta maite ditzaten.