Ei! Berriak

[eiberri.eus] Jone Arriolaren ‘Larrugorritan’ telesaila Elgoibarko Herriko Antzokian estreinatuko da

Estreinaldia bihar, ekainak 9an egingo da, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, teaserra eman ondoren, telesaileko lau aktoreren eta zuzendariaren arteko mahai-ingurua eskainiko da.
Aurkezpen ekitaldian Ane Beitia alkatea eta Maialen Gurrutxaga Gazteria, Euskara eta Berdintasun zinegotzia eta Jone Arriola telesailaren sortzailea egon ziren

ELGOIBAR.- Elgoibarko Udalak apustu sendoa egiten du kulturaren alde, eta horren adierazle dira, esaterako, Herriko Antzokiko kultur egitaraua, nahiz udaletik bultzatutako beste hainbat kultur ekintza edota egitasmo. Horri lotuta eta apustu hori berretsiz, Jone Arriola zinemagile elgoibartarrak idatziriko ‘Larrugorritan’ telesailaren estreinaldia aurkezteko ekitaldia egin zen Herriko Antzokian. Ekitaldian Ane Beitia alkatea eta Maialen Gurrutxaga Gazteria, Euskara eta Berdintasun zinegotzia udal ordezkari gisa, eta baita, Jone Arriola telesailaren sortzailea egon ziren.

Bertan, telesailaren inguruko lerro nagusiak azaldu zituen egileak. ‘Larrugorritan’ unibertsitateko hirugarren mailan zegoenean sortutako ideia bat da, eta gradu amaierako lan gisa garatu ostean, Tabakalerako 2deo lehiaketako saridunetako bat izatera heldu da. Horrela, lanketa sakon baten ostean, pantaila handira egin du jauzi orain gazteei zuzenduriko telesail moduan.

Egilearen helburua da emakumearen benetako figura, ‘filtrorik gabea’, islatzea, egungo gizarteko mitoak eta estereotipoak hautsiz. Hori guztia egilearen esperientziatik abiatuta eta gazteen ikuspegitik landuta aurkeztu da.

Estreinaldi ofiziala datorren hilaren 9an izango da, eta bertan, elgoibartarrek, telesailaren teaserra ikusteko aukera izateaz gain, Sara Nieto, Unai Arrieta, Aiora Enparantza eta Alazne Astorga aktoreekin eta Jone Arriola zuzendariarekin egingo den mahai-inguruaz ere gozatu ahal izango dute, Garazi Ayestak aurkeztu eta dinamizatuta. Ondoren, ikusleen iritzia eta feedbacka jakiteko, audientzia test bat egingo du Larrugorritaneko lan taldeak. Bertan, ikusleek, QR baten bitartez, proiekzioaren inguruko inkesta bat bete ahal izango dute.

Ane Beitia alkateak, halaber, herriko kultur sormena balioesteko eta indartzeko aprobetxatu du gaurko aurkezpena, eta Elgoibarko herriarren kultur bizitasuna azpimarratu du. “Elgoibarko Udalak beti egin du kulturarekiko apustu sendoa, are gehiago orain, pandemiak sektorea hain gogor kolpatu duen honetan. Irmoki sinisten dugu kulturan, eta gure identitatea, baloreak eta hizkuntza herriko mugetatik harago zabaltzeko giltzarri nagusia dela aintzat hartuta, zaindu, babestu eta bultzatu beharrekoa da, zer esanik ez herriko sormenaz hitz egiten ari bagara. Elgoibarko kultur eragileek beti izango dute Udala beren lanaren bidelagun”, amaitu du.

Sarrerak eta gonbidapenak

Crowdfounding bidez eskuratutako gonbidapena ez dutenek 3€ko kuota ordaindu beharko dute.

Izena emateko honako helbide elektronikora idatzi beharko da: larrugorritanseriea@gmail.com Bertan, estreinaldira joan nahi dutenek izen abizenak jarri beharko dituzte, nondik datozen eta haien telefono zenbakia. BIZUM bitartez egingo da ordainketa.

Egunean bertan ere leihatilan sarrerak erosteko aukera egongo da.

Sarrerak aldez aurretik eskatzea eta ordaintzea gomendatzen da. Sarrerak proiekzioaren egunean leihatilan erakutsi beharko dira, NANarekin batera, barrura sartzeko.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.