[eiberri.eus] Arrizabalaga eta Etxaniz 2018ko Emakume Master Cupeko txapeldunak

Promozio mailan Ainhoa Urien eta Amaia Vicariok irabazi dute
Jendez gainezka egon zen Eibarko Astelena Frontoia

EIKIROLAK.- Jendez gainezka egon zen Eibarko Astelena frontoian ospatu zen atzo Emakume Master Cupeko finala Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxanizen garaipenarekin.

Gorriak finalari pultsua hartu eta, beraien jokoa eginez, apurka-apurka, nagusitzen joan ziren. Launako berdinketa eta gero, Etxanizek eta Arrizabalagak errenkadan egin dituzte tantoak. Partidan, batez ere, igarri zaio Eneritz Arrietari urduritasuna eta horrek eragindako demaseko nekea.

Kategoriako finala izan da, dena dela; tanto gogorrak, luzeak eta lehiatuak egon dira. Gogoangarria izan da Espinarrek sekulako defentsa erakutsi duen bat, 11 eta 6rekin. Azkenean, gorrientzat izan da, eta tanto hori eta gero urdinek bakarra gehiago egin ahal izan dute, 17 eta 7koa. Hor saiatu dira lehia aldatzen, berriro Espinar eta Arrieta, posizioak aldatuta (Arrieta aurrean eta Espinar atzean), baina alferrik.

Horrenbestez, Arrizabalagak eta Etxanizek bigarren binakako txapela eskuratu dute, jarraian. Etxanizek, gainera, hirugarrena du, txapelduna izan baitzen banakakoan ere.

Bestalde, Astelenan jokatu den lehen finala izan da PROMOZIO MAILAkoa. Partida lehiatua izan da, baina urdinak, gerora txapeldunak, hasieratik aurrea hartu dute markagailuan. Urdinak aurretik joan dira partida ia osoan, 4 tantora berdindu dutenean salbu. Halere, estu hartu dituzte azpeitiarrek Urien eta Vicario. Finalaren hondarrean, 15 eta 19koaren ondoren, Orbegozok arriskatzen jarraitu du eta gerturatu egin dira, hemeretzina berdintzeraino. Baina hor Urien abadinarraren ausardia agertu da; bera izan da azken tantoetan protagonista: urdinen azken bi tantoak egin ditu; tanto ikusgarriak, gainera.

Astelena beterik eta giro itzela edizio historikoan

Historikoa izan zen atzoko finala. Harmailak pilotazalez lepo egon dira, eta giro itzela izan da partida osoaren zehar.

Amaitu da LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP 2018 binakako pilota-txapelketa. Edizio historikoa izan da: aurreko marka guztiak hautsi eta ehun pilotari baino gehiagok hartu dute parte, txapelketak iraun duen hilabete bietan zehar jokatu diren bost kanporaketetan: Gasteiz, Larrabetzu, Markina, Zamudio eta Oñati; eta, azkenik, Eibarren, lekurik onenean, pilotaren katedralean; alegia, Astelenan, jokatu den finalean.

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.