[eiberri.eus] Eibarren hitzarmen bat sinatu dute eskola-umeen alfabetatzea hobetzeko

Eibarko Udalak bultzatutako Haurren, Nerabeen eta Familien I. Planaren barruan dago ekimena, eta martxoan egingo da
Juan San Martin Udal Liburutegiak sustatutako programa garatuko da

EIBAR.- Eibarko Udalak eta herriko Egoaizia GKEak hitzarmen bat sinatu dute, zeinaren bidez Juan San Martin Udal Liburutegiak sustatutako programa garatuko baita, egiteko hauetan oinarritzen dena: informazio-alfabetatze eta eskola-errefortzu lanak egitean —eskola-atazekin haurrei sortzen zaizkien behar akademiko eta linguistikoetan lagunduz— eta informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiltzean.

’Eleibar’ izena eman zaion programa pilotu honek izaera ez-formala izango du, parte-hartzaileentzako doakoa izango da eta martxoan garatuko da.

Horretarako, Udal Liburutegiak umeentzako duen lekua eskainiko du  topalekutzat, topaleku sozializatzaile eta berdintzailea; eta, horrez gain, heziketa formalari laguntzeko baliabideak jarriko ditu (ordenagailuak, heziketa funtsa, literatura edo informazioa bilatzeko trebetasunak). Udaleko Gizartekintza Saileko Haurreria, Familia eta Gazteria Zerbitzuaren egindako proposamenez sartuko dira adingabeak eskola indartzeko proiektu honetan.

Ekimen hau 2018-2021 Haurren, Nerabeen eta Familien I Planean sartzen da, helburu birekin: aurrenik, esku-hartze komunitarioa indartzea, haurren, nerabeen eta familien zailtasunei aurre egiteko, adingabeei, nerabeei eta gazteei egoera zailak kudeatzen lagunduz, eskola-errendimendua hobetzeko programa baten bidez eta etxeetan ikasteko ingurune egokia eskainiz.

Eta, hurrenik, udalerrian dauden baliabideak optimizatu nahi dira, zerbitzuen eta baliabideen kalitatea hobetzeko, sareko lanaren bidez elkarlana eta koordinazioa bultzatuta, Kultura eta Gazteria arloarekin lankidetzan arituz, aisia eta astialdiko eskaintza hobetzeko.

Programaren prozedura

Sinatutako hitzarmenaren arabera, Egoaziak bi boluntario jarriko ditu Liburutegiaren eskura. Pertsona horiek Haur Liburutegira joango dira adostutako egun eta orduetan, liburutegiko baliabideak erabiliz, ikasleei eskolako lanetan laguntzeko. Errefortzua eskaintzeko erabiliko den hizkuntza euskara izango da, proiektuan parte hartuko duten ikasleek aurrerapausoak eman ditzaten hizkuntza hori erabiltzen.

Umeen gurasoei tailerrak eskainiko zaizkie on-line ikasgelak erabiltzen ikasteko. Pandemiak eragindako konfinamenduan, Interneteko konexiorik ez zuten haur batzuek zailtasunak izan zituzten klaseak on-line jarraitzeko. Udalak eta beste erakunde batzuek horrelakorik ez gertatzeko neurriak hartu zituzten, eta orduan egindakoari jarraipena eman nahi zaio liburutegian garatutako ekimen berri honen bidez.

Hauxe baita ‘Eleibar’en azken helburua: ‘Eleibar. Liburutegia eten digitalaren aurrean’ inor ez da atzean utzi behar osasun-krisia gainditzeko, eta, horretarako, proiektu honi begira, gehien behar duten herritarren eskura, leku atsegin bat eta gaitutako pertsonak jarriko dira eskola-orduetatik kanpo.

Lortutako emaitzak ebaluatzeko balio izango du ekimen honek, etorkizunean programa egonkorrago bat ezartzea bideragarria den aztertzeko.

También te puede interesar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.