Ekitaldian lau lagunen zuzeneko testigantzak entzuteko aukera egongo da

ERMUA | Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren “Don’t be Dummy | Zuk ez duzu ordezkorik” izeneko ekitaldi ibiltariek trafiko-istripuak prebenitzeko helburua daukate eta Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude. Jaurlaritzako kanpaina honetan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte.
Asteazken honetan, urriak 19, Ermuan izango da “Don’t be Dummy” bide-hezkuntza programa bertako gazteen aurrean aurkezteko. Saioa 09:00etan hasiko da, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Saioa Ermua Antzokian egingo dute eta elebiduna izango da. Bertan, San Pelayo ikastetxeko, Ermua-Mallabia oinarrizko lanbide eskolako eta Ermuako institutuko 342 ikaslek hartuko dute parte.
Ekitaldian 4 lagunen zuzeneko testigantzak entzuteko aukera egongo da: Aitor de Velasco (ertzaina), Javier Garcia (Ermuako udaltzaina), Lander San Anton (suhiltzailea) eta Alaitz Arbilla (bizkarrezur-muineko lesioa duen neska) izango dira Ermua Antzokian. Bestalde, ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera egongo da: larrialdietan lan egiten duen medikua, trafiko-istripuek utzitako biktimak… Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barnea mugitzea lortzen da; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute.