Gaur, urriak 25 iluntzeko 20:30ean izango da

ERMUA| Urriaren 25ean, iluntzeko 8 eta erdietan, Uxue Alberdi, Aner Peritz, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxeren parte hartzearekin
Euskal Birusa elkarteak urteroko bertso jaialdia antolatu du ostiral honetarako, urriaren 25erako. Aurreko edizioetan bezala, San Martin azokaren inguruan antolatzen den kultur programazioaren barne dago ekitaldia. Jaialdia 20:30ean hasiko da Ermua Antzokian. Sarrerak 10 euro balio du eta aldez aurretik eros ditzakegu Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.
Urteroko legez, aurtengo hitzorduak lehen mailako sei bertsolari bilduko ditu oholtza gainean: Uxue Alberdi, Aner Peritz, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe. Guztiak hitzekin jolasteko eta ikuskizun bikaina eskaintzeko prest etorriko dira. Kantatzeko gaiak Eneko Abasolo iurretarrak proposatuko ditu, gai-jartzaile lana gain hartuko baitu.
Ohi denez, lehen mailako bertsolariak biltzen dira Ermua Antzokian, urteroko agendan finkatutako jaialdi batean, San Martingo kultur jardueren barruan.


