Ei! Berriak

[eiberri.eus] Euskararen ordenantza aldatzea proposatu du Eibarko EAJ-PNVk

Helburua euskararen erabilera lehenestea da
Jeltzaleek ez daude konforme euskararen ordenantzarekin

EIBAR.- Eibarko Euskararen Ordenantzarekin jeltzaleak ez daude erabat konforme. Izan ere, EAEko administraziekin euskaraz aritzeko, ordenantzaren arabera, Udalaren eta beste erakundearen arteko aurretiazko akordioa behar da. Muga hori gainditzeko, ordenantza aldatzea proposatu du Eibarko EAJ-PNV udal taldeak. Ordenantzaren arabera, euskara lan-hizkuntzatzat aukeratzea adostu duten udaleko sailek, lan-batzordeek eta batzorde aholkulariek dokumentazioa euskaraz bidaliko diete Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei eta erakunde ofizialei, “haiekin hala egitea adostuz gero”. Jeltzaleen ustez, ez da beharrezkoa aurretiaz euskaraz aritzea adostea, EAEko administrazio publiko eta erakunde ofizialekin legezkoa baita euskaraz zein gaztelaniaz aritzea. Hori dela eta, ordenantza horrek “ahalbidetu baino, mugatu egiten du euskaraz aritzeko aukera”, azaldu du Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak.

Horrez gain, ordenantzaren hainbat puntutan parekatu egiten dira euskara eta gaztelania, euskara lehenetsi beharrean, elebitasuna behartuz. “Elebitasuna euskararen kontra ere erabili daiteke eta, hori ekiditeko, beharrezkoa da euskara lehenestea. Arauan halaxe jaso nahi dugu: hizkuntza batean baino gehiagotan aritzerakoan, bai webgunean, bai prensa oharretan, seinaleetan, eta abar, euskarak izan behar du lehen lekua”, azaldu du alderdi abertzaleak. Horrez gainera, zuzenketa teknikoak ere proposatu ditu EAJk, etorkizuneko agintaldietan arauaren segurtasun juridikoa bermatze aldera.

Oposizioko liderrak espero du alderdi guztien oniritziz onartzea EAJ-PNVk aurkeztutako proposamen guztiak. “Postureotik haratago Eibarko Udalak benetan euskararen alde egin nahiko balu, egindako proposamenak aho batez onartu beharko lirateke. Proposamen hauek onartzen ez dituenarentzat, gaurko ekitaldietan parte hartzea aurpegia zuritzea baino ez da izango”, ohartarazi du.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.