Kultur transmisioa, adinekoen dantza-praktikak, genero-ikuspegia eta lesioen prebentzioa izango ditu hizpide, besteak beste

EIBAR | Eibar euskal dantzaren sektorearen topagune izango da azaroaren 7an, larunbatean, Dantzan Topaketak 2026 jardunaldiarekin. Bosgarren edizioa UEU-Markeskua jauregian egingo da, 09:30etik 17:30era, eta dantzaren arloko profesionalak, ikerlariak eta hainbat taldetako ordezkariak bilduko ditu. Helburua esperientziak, ikerketak eta gogoetak partekatzea da, euskal dantzaren egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez hausnartzeko.
Dantzan elkarteak antolatu du jardunaldia, Dantzagunearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Aurtengo egitarauak hainbat gai jorratuko ditu: herri-kulturaren transmisioa hezkuntzan, adinekoen dantza-praktikak, genero-desberdintasunak, dantza berrien sorrera eta dantzarien osasuna zein lesioen prebentzioa.
Kultur transmisioa
Goizeko lehen saioa herri-kulturaren transmisioari buruzkoa izango da, hezkuntzaren esparruan. Alaitz Aizpuruk, Aritz Ibañezek eta Johañe Etxebestek euskal kulturak ikasgeletan duen presentziari eta belaunaldi berriei transmititzeko egitasmoei buruzko esperientziak partekatuko dituzte.
11:45ean, Nekane Arriagak eta Maialen Araolazak adinekoen dantza-praktikak aztertuko dituzte, osasunean, gozamenean eta komunitatearen sorreran duten eragina ardatz hartuta.
Ondoren, Puntuka tartean hainbat ekarpen labur egingo dituzte. Kepa Otaegik dantza berri batek tradizio bihurtzeko zer behar duen aztertuko du; Anartz Ormazak Bakioko Itxas Alde taldearen mendeurrenerako sortutako ezpata-dantza aurkeztuko du; eta Leire Aldekoa-Otalorak Durangaldeko euskal dantzetako genero-desberdintasunak landuko ditu. Bestalde, Mikel Sarriegik Sortutakoak Tradizionala 12 deialdian aukeratutako «Musika eta dantza pintzelkadak» proiektua aurkeztuko du.
Nazioarteko begirada
Arratsaldeko egitaraua 15:30ean hasiko da, Iñaki Ahedok eta Arkaitz Pascuasek Estoniako Tantsupidu dantza-jaialdia aurkeztuko dutenean. Transmisioa, parte-hartzea, komunitatea eta errepertorio koreografikoa izango dituzte hizpide.
16:15ean, euskal dantzan lesioen prebentzioari buruzko saioa egingo dute. Jaime Zuberok eta Unai Iraolak bi ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituzte, Maialen Araolaza fisioterapeuta eta ikerlariak gidatutako saioan.
Jardunaldia 17:00etan amaituko da, Oier Araolazaren «Kontrapasa eta Sautrela: Ialgi hadi dançara» hitzaldiarekin.
Egitaraua
Azaroak 7, larunbata. UEU-Markeskua jauregia, Eibar
- 09:30: Harrera.
- 09:45: Aurkezpena.
- 10:00: Herri-kulturaren transmisioa hezkuntzan.
- 11:00: Atsedenaldia.
- 11:45: Adinekoak dantzan: gozamena, komunitatea eta osasuna.
- 12:15: Puntuka, ekarpen laburren tartea.
- 13:45: Topaketetako argazkia.
- 14:00: Bazkaria.
- 15:30: Estoniako Tantsupidu dantza-jaialdiari begira.
- 16:15: Lesioen prebentzioa euskal dantzan.
- 17:00: Kontrapasa eta Sautrela: Ialgi hadi dançara.
- 17:30: Jardunaldiaren amaiera.


