Gainontzeko hautagaiak martxoan ezagutuko dira

MALLABIA.- Aitor Loiola Zinkunegik 58 urte ditu, irakaslea da 1993tik Bilboko Kirikiño ikastolan. Bere lanbidea eta politika «pasioz bizi dituen arren mendia du bere afizio gustukuena». Urtarrilaren 14tik 27ra bitartean egindako barneko prozesu parte-hartzailean Mallabiko EH Bilduren komunitateak zerrendaburu izateko proposatu zuen Loiola eta hauteskunde batzordeak proposamena egin ondoren, «bere burua prest agertu du alkategai izateko, araudiak ezartzen dituen beharrezko abalekin eta komunitate osoaren babesarekin». EH Bilduk informatu duenez, «gogotsu eta ilusioz hartu du Aitorrek alkategai izatearen ardura. «Mallabiko EH Bildu taldetik jaso dudan babesa ezinbestekoa izan da erabakia hartzerako orduan” aipatu du Loiolak.
Badu esperientzia alkate bezala ANV-EAEtik alkate izan baitzen 2007tik 2011ra bitartean. Honez gain, herritarron parte-hartzea behar-beharrezkoa dela adierazi du, “denon artean egindako lanak hobeak izaten baitira”. Mallabiko zerrenda osatzeko gainerako hautagaiak martxoan zehar aukeratuko dira. Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea.


