Adarabar erabilera anitzeko gunean izango da tailerra, abenduaren 11n, arratsaldeko 16:45etan

EIBAR |Abenduaren 10ean Landako Guneko ateak itxi arren, Durangoko Azokaren fantasiak
aurrerantz jarraituko du. Izan ere, Zu Non, Han DA! egitasmoari bidea emango dio
biharamunean bertan hasita.
Horrela, Irati Garmendia Eibarren izango da Adarabar erabilera anitzeko gunean izango da, abenduaren 11n, arratsaldeko 16:45etan. Durangoko Azokan bi liburu aurkeztu ditu, biak “Ortuko bizitza” Erein argitaletxearen bildumakoak. Saguganbara gunean, umeentzako tailerra eskaini du. Eibarren ere, “Elkarren lagun, gau eta egun” eta “Ospa hemendik!” liburuetan oinarritutako tailerra emango du txikitxoentzat. Ane Arzelus marrazkilaria izango da berekin.
Irati Garmendia Lazkaon bizi den ordiziarra da (1994), txikitatik gustatu zaio idaztea, eta sari
bat edo beste irabazi izan ditu nerabezaroan. Orain 2-6 urte bitarteko haurrekin aritzen da
lanean, Haur Hezkuntzako etapan, eta bere bokazioa dela dio, baita ofizioa ere.
Zu Non, Han DA! ekimenak bere laugarren edizioa beteko du aurten. 2020an sortu zen, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.
Euskal Herri osoko 88 liburu dendek hartuko dute parte egitasmoan, eta azokan egon diren
nobedadeak ezagutzeko aukera emango dute. Gainera, 27 dendatan liburu aurkezpenak
egingo dira, abenduaren 11n hasi eta 20an amaituko den aurkezpen-zirkuitoaren barruan. Idazleek bestelako sortzaileek lagundurik burutuko dituzte aurkezpen gehienak, zitari kutsu kulturala emateko.


