Ei! Berriak

59. Euskal Jaia ospatuko da Eibarren Klub Deportiboaren mendeurrenean

Kezka Dantza taldeak dantzan jarriko ditu herriko 250 dantzaritik gora Untzaga plazan, maiatzaren 26an

2015-05-31_Euskal-Jaia_argazkia-FernandoRetolaza
2015ko Euskal-Jaia. ARGAZKIA: Fernando Retolaza

EIBAR| Ekitaldiz jositako 59. Euskal Jaia izango da asteburu honetan Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrenean. Kezka Dantza taldeak gonbidapena zabaldu zieten inoiz Eibarren dantzatu zuten guztiei, elkarrekin dantza egin eta plazara atera zitezen eta horren ondorioz herriko 250 pertsonatik gora batuko dira Untzaga plazan, maiatzaren 26an

Eibarko dantza taldeak azaldu duen bezala  «dantzaren funtzioetako bat herrikideak batu eta dantzaren plazera elkarrekin partekatuz komunitatea jostea dela diote adituek. Entseguetan bizi izan dugun giroa, ilusioa eta elkarrekin dantza egitearen poza ikusita, dantza antropologoei arrazoia eman beharrean gaude. Herrikideak elkarrekin dantzan arituta, komunitatea egin eta trinkotzen dela sentitu dugu entsegutik entsegura».

Dantzariak dantzarako prestatzen aritu badira, txistulariek ere tresnak puntuan jartzeko gonbidapena izan dute eta garai bateko eta gaur egungo txistulariak entsegutan aritu dira aurtengo Euskal Jaian kaleak inoiz baino gehiago txistu soinuz betetzeko. Larunbatean eguerdi partean txistulari talde ederra kalez kale ibiliko da eta igandean Euskal Jaiko kalejira nagusian parte hartuko dute.

Kezka dantza taldearen historian garrantzia berezia izan duen errepertorioa hautatu dute elkarrekin lantzeko eta dantzatzeko: Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza. Biak Nafarroako dantzak dira eta biak Donostiako Argia dantzari taldeak bildu eta ezagutzera eman zizkienak Euskal Herri osoko dantza taldeei. 1968. urtean Iribasen Juan Bautista Lasarterekin ikasi zuten ingurutxoa Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik.

Argiarekin egiten zituzten dituzten emanaldietan Iribasko ingurutxoaren ondotik Imotzeko esku-dantza egiten zuten. Dantza taldeek biak lotuta jaso bazituzten ere, elkarrekin emate hori Urbeltzen eta Arregiren ekarpena izan zen. Eta ez hori bakarrik, Imotzeko esku-dantza bera Argiakoek egindako birsortze lana izan zen.

Iribasko ingurutxoa eta Imotz-eko esku-dantzak berehalako arrakasta izan zuen herri askotan, baita Eibarren ere. 1970eko hamarkada hasieran Kezka dantza taldeko emanaldietan eskaintzen hasi ziren eta 1974an, Eibarko Klub Deportiboaren 50. urteurrenean Arraten eskainitako dantza-saioan dantzatu zen. Hortik aurrera Kezka dantza taldearen emanaldietan dantza kuttuna izan da.

Iribasko ingurutxoa Kezka dantza taldearen eskutik Arraten, 1974. urtean, Deportiboaren 50. urteurrenean. Irudia: Emilio Ayastui.
Iribasko ingurutxoa Kezka dantza taldearen eskutik Arraten, 1974. urtean, Deportiboaren 50. urteurrenean. Irudia: Emilio Ayastui.

Eibarko dantzaren historian azken 50 urteotan hainbat une berezitan plazaratu dira Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza, eta beraz, Eibarko dantzarientzat esanahi berezia hartu duen errepertorioa da. Horrela, Eibarko Euskal Jaiaren 50. urteurrenean ere Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza elkarrekin dantza egitera plazaratu ziren 150 bikote.

100 bikote baietz?

2024ko Euskal Jairako, Eibarko Klub Deportiboaren 100. urteurrena ospatzeko 100 bikote baietz erronka bota zutenenean berehala ohartu ziren antolatzaileak erraz bilduko zirela kopuru hori. Baita gehiago ere. «Entseguetan izan den giroa eta elkarrekin dantza egiteko ilusioa ezin da zenbakietan jaso, baina uste dugu 125-130 bikote inguru, beraz, 250 dantzaritik gora bilduko garela maiatzaren 26an elkarrekin dantzara Untzaga plazan.

Urtarrilean hasita maiatza bitartean Errebalen egin dugun entsegu bakoitza festa bat izan da. Lehen egunetan billantzikoarekin urduritasun apur batzuk izan baziren ere, elkarri lagundu eta gozatzeko zegoen gogoak tentsio guztiak erlaxatu eta dantzaz eta taldeaz gozatzera eraman gaitu denok. Euskal jaiko igandea egun handia izango da, baina aurretik elkarrekin bizi izan ditugun dantza-egunak ere halakoak izan dira, hamar entsegu, hamar festa handia, eta igandean hamaikagarrena» adierazi dute antolatzaileek.

Aurten 75 urte betetzen ari den Iruñeko Duguna dantza taldea izango daEuskal Jaian dantza-gonbidatu nagusia. Larunbat arratsaldean Dugunako dantzari gaztetxoek eskainiko dute emanaldia Eibarko gaztetxoekin batera. Igande eguerdian Duguna dantza taldeak berak Sanferminetako trokeo-dantzak eta soka-dantza eskainiko dituzte. Arratsaldean, Dugunako musikariek osatzen duten Gathubi taldeak jarriko dantzaldiaren musika.

Txistu eta dantza Euskal Jaian

Maiatzak 25, larunbata
12:00 Txistu-poteoa eta triki-poteoa.
18:30 Duguna eta Kezka dantza taldeetako gaztetxoen emanaldia Toribio Etxebarrian, Klub Deportibo aurrean.

Maiatzak 26, igandea
11:00 Eibarko dantzarien eta txistularien argazkia Untzagan
11:30 Kalejira Untzagatik Urkizura.
12:00 Euskal Jaiko kalejira Urkizutik Untzagara.
12:30 Euskal Jaiko dantza jaialdia Untzagan Duguna dantza taldea eta Kezka dantza taldearekin.
17:30 Dantzaldia Untzaga Plazan Gathubi taldearekin.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime