Ei! Berriak

Mari Domingik eta Olentzerok Debabarrena zeharkatuko dute gaur

Poztasun, itxaropen eta gozamenerako eguna ekarriko digute gaur Debabarrenara

Lanpetuta ibiliko dira gaur Olentzero eta Mari Domingi
Lanpetuta ibiliko dira gaur Olentzero eta Mari Domingi

DEBABARRENA| Gaur txikienek espero duten gau magikoenetako bat iritsiko da Mari Domingi eta Olentzero bikote ezagunaren etorrerarekin. Lehenengo ordutik Debabarrenko kaleetan barrena ibiliko dira, horietako askotan kalejiran, eta haurrek hainbeste itxaroten dituzten opariak banatuko dituzte.
Hauek dira gaurko aurreikusitako ordutegi eta programazioak:

DEBA| Olentzero eta Mari Domingi herriko kaleetan zehar ibiliko dira gaur eta 12:00etan Plaza zaharrean ongi etorria eta kalejira izango dira. Ondoren ekitaldia izango da Aldats pilotalekuan. Bertan salda eta ogitarteko postua egongo da.

ERMUA| Olentzero eta Mari Domingi Txiki 11:00etan irtengo dira Orbe Kardinalaren plazatik.

EIBAR| Olentzerorekin eta Mari Domingirekin hitzordua heldu da eta 11:30etik aurrera iritsiko dira, Kalejira magikoarekin, Urkizu kaletik Untzaga plazaraino, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako eta Adolfo Jainaga Musika Akademiako ikasleek animatuta. Eta 12:30ak arte haurren haurren gutunak jasoko dituzte.

ELGOIBAR| Maalatik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Elgoibarrera, 11:00etan. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Atxutxiamaikak antolatzen du Udalarekin lankidetzan.

MALLABIA| Mallabitarrek herriko frontoian biltzeko aukera izango dute une gozoaz gozatzeko, 18:00etan Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileek, galtzagorriek, opariak banatuko baitituzte

MENDARO| Olentzero eta Mari Domigirekin kalejira egongo da. 17:00etan hasiko da Moxuanetik hasita eta 18:30ak aldera bukatuko da Trinitatean.

MUTRIKU| Olentzerok eta Mari Domingik eskutitzak jasoko dituzte Egaña gunean 10.00etik 13:30era bitartean. 17:30etan Samielan elkartuko dira eta 18:00etan emango diote hasiera arratsaldeko kalejirari.

SORALUZE| Goizeko 11etan egingo zaie harrera, Plaza Berrian, Pil-pilean Euskara Elkarteak, Kukumixo Aisialdi Taldeak eta Udalak antolatutako ongietorri ekitaldiaren bitartez.

Ekitaldian, Mari Domingi eta Olentzerorekin batera, Galtzagorri bihurriek eta herriko hainbat eragilek hartuko dute parte; besteak beste, herriko dantzari gazteek, txistulariek, Musika eskolako trikitilari eta panderojoleek, irrintzilariak, txalapartariak, Atxolin Guraso Elkarteko kideek, Kukumixoko hezitzaileek eta Gaztelekuko gaztetxoek.

Ongi etorri berezia egingo zaie Plaza Berrian eta ondoren, idiek gidatutako gurdian joango dira Olentzero eta Mari Domingi, trikitilarien doinuan herrigunea zeharkatzeko (Ezozibideko biribilguneraino eta buelta berriz Zubi nagusira). Bidean zehar, gune ezberdinetan, gabon kantak abestuko dituzte, Galtzagorriek gidatuta eta trikitilarien musikaz lagunduta. Antolatzaileek herritar guztiak, haur zein helduak, gonbidatu dituzte kalejiran parte hartzera; dena dela, protagonista nagusi izango dira herriko umeak eta lehen lerroan haiek joatea indartu nahi dute antolatzaileek.

Behin kalejira amaituta, gutunak jasoko dituzte Mari Domingik eta Olentzerok kiroldegiko frontoian. Haurrak, txikienetatik hasita, eta adinka, gutunak ematera hurbilduko dira haiengana eta bueltan oparia jasoko dute.

Horretaz gain, Kukumixo aisialdi taldeko kideek itxaronaldia arintzeko jolasak eta txorixoa, gazta, salda eta edatekoak ipiniko dituzte.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


El periodo de verificación de reCAPTCHA ha caducado. Por favor, recarga la página.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.