Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan jokatuko dira Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdietako kanporaketak

EIKIROLAK| Elgoibarko Ikastolako pilotaleku goxoan erabakiko dira, igande eguerdi honetan, aurtengo Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdietako kanporaketak zeintzuk izango diren.
Aurten lehendabizikoz, Urrezko Ligaxka bat jokatu da txapelketako lau bikoterik onenen artean eta jardunaldi oso orekatu eta ikusgarrien ostean, azken partidan erabakiko da Laudioko finalaurreko handietan nola gurutzatuko diren lau bikote handi hauek. Elgoibarren Arraiza-Gaminde eta Ibarrola-Oses arituko dira aurrez-aurre, Urrezko Liga lehen postuan amaitu dezaketen bi bikoteak hain zuzen ere.
Urdulizen bezala, Ibarrolak ordezkatuko du oraindik erabat osatu den Goiuri Zabaleta eta eurak dira lehen postua euren eskuetan duten bikote bakarra. Urdulizen berme osoko aurrelaria dela erakutsi zuen Ibarrolak eta eurak dira, Urrezko Liga honetan jokatutako bi partidak irabazi dituzten bikote bakarra. Elgoibarren 22ra heltzen badira, eurak izango dira ligaxka hau lehen postuan amaituko dutenak eta, printzipioz, finalerako biderik errazena ziurtatuko luketenak, ligaxkako azkenen aurka neurtuko bailituzkete indarrak.
Arraiza eta Gamindek, euren aldetik, partida bat irabazi eta bestea galdu dituzte eta garaipena derrigorrezkoa dute lehen postu hori lortzeko. Kasu horretan, Elgoibarko bi bikoteek bina puntutara berdinduko lukete. Arraiza eta Gamindek galduko balukete, ordea, hiru bikotek puntu bakarrarekin amaituko lukete –Arraiza-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara eta Etxegarai-Arrillaga– eta kalkulagailua erabili beharko litzateke euren arteko tanto aldeari erreparatuta, finalerdietako gurutzaketak erabakitzeko.
Interesik, beraz, ez du falta Elgoibarko igande honetako zitak eta sortu den ikusminak ere hala erakusten du.


